Bartzelona, bakegintzan bidelagun

Bartzelonako Udalak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Fundipauk antolatuta, bake prozesuaz ariko dira gaur Kataluniako hiriburuan

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Maiatzaren 3an ETAk bere desegitea eta 60 urteko zikloaren amaiera iragarri bazuen ere, Euskal Herriko mugetatik haratago ezjakintasuna nagusitu da sarri, bizikidetzaren alde euskal gizarte zibilak eman dituen pausoen inguruan. Kataluniako hiriburuak berezkoa izan du betidanik bakearen eta eztabaidaren aldeko aldarrikapena eta, oraingoan ere, aurreratu egin da Euskal Herriko bakegintza prozesuaren zabalkundean. ETAren bukaeraren ondotik, euskal gizarteak dituen erronkak eta aukerak aztertzeko asmoz, Construint la pau (Bakea eraikitzen) izenburuko jardunaldiak antolatu dituzte gaurko, 09:30etik 18:00etara.

Izan ere, joan den maiatzaren 14an Quim Torra presidente izendatu eta Generalitat berriaren zimenduak jarri zituenetik, salbuespen egoeratik ateratzen hasi da Katalunia. Eta, horrekin batera, poliki-poliki, aspalditik hozkailuan zeuden lan ildoak berreskuratzen hasi dira udalerriak. Tartean, hain zuzen ere, Ada Colau Bartzelonako alkatearen gobernuak Foro Sozial Iraunkorrarekin eta Fundipau bakearen aldeko fundazioarekin batera gorpuztu duen gaurko jardunaldia. Indarkeriaren biktimak, justizia eta salbuespen legeriaren amaiera eta alderdi politikoen jarrera izango dute mintzagai, eta soslai askotariko hizlariak ariko dira hizketan: besteak beste, biktimak, legelariak eta Kataluniako alderdi politikoetako ordezkariak.

Isildutako prozesua

Kataluniako testuinguruaz haratago, hala ere, azken hiru hamarkada luzetan bakearen kulturaren alde lanean aritu den Fundipau elkarteko zuzendari Jordi Armadansek azpimarratu du Euskal Herriko prozesuak ez duela «behar adina oihartzunik» izan. Haren ustez, joera hori saihetsezina zen, «hein batean», gatazka indartsuen ondoren, sarri, Euskal Herrian bertan eta handik kanpo, agertoki berriaz «deskonektatzen» baitu jendeak. Baina, haren iritziz, orain garrantzitsuena da kontuan izatea «oraindik ere» badagoela zer egin, hala nola «adiskidetzea, bizikidetza esparru berriak sustatzea, biktima guztien ezagutzea eta sakabanaketaren amaiera, besteak beste».

Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaile Agus Hernanek azpimarratu du, gainera, Euskal Herritik kanpoko oihartzuna dela aurrerantzean ase beharreko ezinbertzeko erronka. «Azken hilabeteetan adierazi bezala», haren ustez, bake prozesuak biltzen zituen hiru helburu bete dira dagoeneko: bake eta normalizazioan aurrera egitearen aldeko gehiengo sozial eta politikoa lortzea Euskal Herrian; Euskal Preso Politikoen Kolektiboan egungo espetxe politikari egokitutako estrategia propioa sortzea; eta, azkenik, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan akordio politikoa bermatzea. Hurrengo urratsa, haren hitzetan, «Euskal Herritik kanpo, estatuan zehar, bake prozesuaren aldeko iritzi korrontea sustatzea da», eta, Bartzelonan ekin diote lan ildo berriari.

Bartzelona aliatu

Euskal Herriko bake prozesuak Kataluniako hiriburuan topatu du zabalkunderako lurreratze gunea. Hernanen esanetan, «Bartzelonako Udalak bake prozesua modu integralean jorratzeko hartu duen konpromisoa urrats garrantzitsua da». Izan ere, gaurko jardunalditik haratago doa elkarlana. Gaurko egunean aterako diren ondorioetatik abiatuz, hiru erakundeak lanean ari baitira bakearen aldeko manifestu bat sortu eta Bartzelonako osoko bilkuran «alderdi guztien edo gehiengoen sostenguari esker» tramiterako onartzeko. Bartzelonako alkateorde Jaume Asensek uste du gaurkoak balio behar duela, «euskal gizartean aspalditik nagusi diren kontsentsuetan oinarrituz, egindako minaren ezagutzearen eta salbuespenezko espetxe zigorren axolagabekeriaren arteko adiskidetzea bermatuz». Baina helmuga ez du Bartzelonako Udalean ikusten, eta haratago doa: «Hemen sortuko dugun bakearen aldeko aldarrikapenak, aldaketaren palankatzat erabili eta Espainiako Kongresuranzko ibilbidea jarraitu behar du, gobernu betearazle berriak iradokitzen duen politikaren irekitzea baliatuz».

Foro Sozialak ere azpimarratu du Kataluniako hiriburuaren ekimena «eredu» bilakatu nahi duela, eta, esperientzia horretan oinarrituz, Espainiako Estatuko udalerri gehiagok aldarrikapena bere egitea duela jomuga. Hala ere, onartu dute agenda berri bat osatzeko zailtasunak daudela, kontuan hartuta «udal hauteskundeetarako urte bakarra» falta dela.

Gaurko egitasmoak indar berezia du, Asensek azpimarratu duen moduan, ETAk Hipercor merkataritza zentroan bere jarduera armatuko atentaturik odoltsuena egin zuenetik hiru hamarkada bete berri direnean. Euskal Herrian hasita dagoen etapa berriaren atarian, zauritu, biktimen familia eta bizilagunekin elkartu eta, mina «enkistatzeko urrun, bakearen kulturaren aldeko fronte demokratikoaren higiarazlean bilakatu» nahi du Bartzelonako Udalak.

Gaur egitekoak diren egitasmoak interesa piztu du Katalunian eta, ondorioz, Euskal Herriko bake prozesua hizpide izango da aste osoan. Atzo, errate baterako, Kataluniako Kazetarien Eskolan lan gosari bat antolatu zuten bertako kazetariekin, euskal gatazkaren testuinguruari eta etorkizunean izango diren erronkei buruz hitz egiteko. Ekitaldian parte hartu zuten Foro Sozial Iraunkorreko Agus Hernanek eta Teresa Todak, Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteko kide Patricia Velezek eta Sare Herritarra plataformako bozeramaile eta Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohi Joseba Azkarragak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.