Javier Maroto izango da PPko antolakuntza idazkariorde berria

Casadok Garcia Egea izendatu du idazkari nagusi, eta. Beltran Batzorde Autonomikoko presidente. Saenz de Santamaria ez da joan bilerara

Erredakzioa
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Atzo, PPren Batzorde Eragileak Bartzelonan egin zuen bilera, eta Pablo Casado alderdiaren buru aukeratu berriak han jakinarazi zuen norentzat izango diren zuzendaritzako postuak. Besteak beste, Teodoro Garcia Egea izendatu du alderdiko idazkari nagusi, Dolors Montserrat PPren bozeramaile Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta Ignacio Cosido Senatuan. Euskal herritarrei ere egin die tokia zuzendaritzako postuetan: Javier Maroto Gasteizko alkate ohia antolakuntza idazkariordea izango da —ikusteko dago Gasteizko alkatetzara aurkeztuko den hauteskundeetan—, eta Ana Beltran Nafarroako PPko presidentea Batzorde Autonomikoko presidentea —Casadoren alde egin zuten nola batak hala besteak kanpainan—. Ordea, Casadok egin die tokia Saenz de Santamariaren alde egindako euskal herritarrei ere. Mari Mar Blanco Berdintasunerako idazkaria izango da, eta Carlos Iturgaitz, Kooperazioko idazkaria. Lau dira, horrenbestez, PPren zuzendaritzako euskal herritarrak.

Bezperan apurtu ziren Casadoren eta Saenz de Santamariaren arteko negoziazioak, eta PPko buru berriak hasieratik alboan izan dituenak eta azken txanpan babesa eman ziotenak saritu ditu kargu berriak izendatzerakoan—Alberto Nuñez Feijoo eta Maria Dolores de Cospedal, esaterako—. Teodoro Garcia Egea oso gertukoa izan du Casadok —haren kanpainako burua primarioetan—, eta haren alde egin du idazkari nagusi izateko. Espainiako Diputatuen Kongresuan PPren bozeramaile izateak badu pisua alderdian, eta Dolors Montserrati eman dio zeregin hori, hura ere Casadoren nukleo gogorreko kidea izaki. Horiez gain, haren konfiantzazko karguek hartu dituzte sei idazkariordetzen erdiak, eta besteak Cospedalen taldekoak dira.

Saenz de Santamariari deia

Casadok osatutako egitura berrian ez dago inondik ere Saenz de Santamariak eskatutako %43ko ordezkaritzarik. Hori jakinda, Saenz de Santamaria eta hura babestu zuten agintari nagusiak ez ziren agertu ere egin atzoko bilerara. Casadok batasun irudia eman nahi izan zuen, ordea, etadei egin zion Saenz de Santamariari zuzendaritza taldearekin bat egiteko. Nabarmendu zuen gordeta daukala harentzako lekua. Bokal baten postua hutsik dago oraindik, eta harentzako dela esan zuen. Horrela, zuzendaritzara batzeko deia egin zion, eta gaineratu «erabateko integrazioa» nahi duela. Argi utzita, hori bai, ez duela alderdian «barne korronterik» onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.