Koronabirusa

Hilaren 21ean irekiko dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga

Bi asteko berrogeialdia kenduko dute. EAEren eta Kantabriaren arteko muga ostiralean ireki nahi dute Urkulluk eta Revillak

Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia, igandean. G.RUBIO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak hilaren 21ean irekiko ditu mugak Schengen eremuan dauden herrialdeekin, eta, hortaz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ere zabaldu egingo dute. Ondorioz, alde bateko eta besteko euskal herritarrek lanerako ez den beste zeregin batzuetarako zeharkatu ahal izango dute muga igandetik aurrera. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak mugak irekitzeko erabakia aurreratu zien igandean erkidegoetako presidenteei, telebilera batean. Sanchezek azaldutakoaren arabera, Europako Schengen eremuan dauden herrialdeekiko muga irekitzeko erabakia adierazle epidemiologikoetan oinarrituta hartu dute, koronabirusaren eboluzioa «ona» delako. Iragarri zuenez, ekainaren 21etik aurrera ez da derrigorrezkoa izango bi asteko berrogeialdia.

Alarma egoera ezarri zenetik, itxita egon dira Ipar eta Euskal Herriaren arteko mugak, eta zenbait eremutan erabat eten dira mugaz besteko joan-etorriak. Muga itxita izan den bitartean, hura zabaltzeko eskaerak ugaritu egin dira. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko prefetak hala eskatu zieten Pedro Sanchezi eta Edouard PhilippeFrantziako Gobernuko lehen ministroari.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak atzo esan zuen «albiste ona» dela Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekitzea, mugaz bestaldean bizi eta lan egiten duten bizilagun asko daudelako.

Kantabriako muga

Azken egunotan Basurtuko (Bilbo), Gasteizko Txagorritxuko eta Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetan izandako kutsatze foku berriek atzeratu egin dute Hego Euskal Herri osoan ibiltzeko aukera eta inguruko lurraldeetara joan-etorriak egitea —bereziki, Errioxara eta Kantabriara (Espainia)—. Jaurlaritza behin baino gehiagotan azaldu da aukera horren alde, eta horretarako biderik zuzenena izango litzateke alarma egoera bertan behera uztea. Hain justu ere, atzo Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Kantabriaren arteko mugak ostiral honetan irekitzeko aukera aztertu zuen Urkulluk Kantabriako presidente Miguel Angel Revillarekin, bilera batean, eta biek ala biek begi onez ikusi zuten aukera hori.

Erabakia ez da ofiziala oraindik, baina ezusterik ezean, ostiralean baimenduko dituzte bi erkidegoen arteko joan-etorriak.Urkulluk Jaurlaritzaren gobernu kontseilura eramango du proposamena, eta etzi itxiko du akordioa Revillarekin, Gasteizen. Modu horretan, hirugarren fasea amaitu aurretik izango da posible bi erkidegoen artean mugitzea.

Batzarra egin aurretik, Revillak adierazi zuen koronabirusaren bilakaera «bikaina» dela bi erkidegoetan, eta prest agertu zen gaur edo bihar joan-etorri horiek baimentzeko dekretu bat onartzeko. Revillak garrantzia kendu zien azken egunetako kutsatze berriei, eta arriskurik ez dagoela esan zuen. Haren ustez, Kantabriako osasun sistema «prestatuta» dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bisitariak jasotzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.