Giza eskubideen nazioarteko eguna
Instituzioen konpromiso aktiboaren bila

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, «hitzak eta ekintzak» eskatu dizkie Etxerat euskal presoen senideen elkarteak instituzioei, politikariei eta eragileei. «Arduraz» jokatzeko. «Giza eskubideen urraketa guztiak amaitzeko konpromiso aktiboa» hartzeko. Euskal presoei urratzen ari zaizkien eskubideen aurrean irmo jarduteko.
Gasteizen, Iruñean eta Baionan zabaldu du aldarria Etxerat-ek, leku esanguratsuen aurrean egin dituen mobilizazioetan. Etxerat-en bereizgarri diren zapi zuriekin lotuta, giza katea egin dute ehunka lagunek hiru hiriburuetan. Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurretik atera da protesta Gasteizen, eguerdian. Ajuria Enea aurretik igaro, eta Legebiltzarrerainoko bidea egin du. Eguerdian egin du protesta Iruñean ere, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Baionan, berriz, arratsaldean egin dute zapi katea, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egin zuen Renne Casinen etxetik herriko etxera.
Hain zuzen, adierazpen horren jatorria ekarri du gogora Etxerat-ek, haien protestaren zergatia azaltzeko: «Gizartea estatuen gehiegikeriengatik defendatzeko jaio zen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala».
Eta, presoen senideen esanetan, estatuen gehiegikeriak urtetan pairatzen ari dira Euskal Herrian. «Urte mordoa daramagu oinarrizko eskubideak kontzienteki bortxatzen dituen legedi baten menpe». Frantziako eta Espainiako estatuak euskal herritarren eskubideak «sistematikoki, une oro» bortxatzen ari direla salatu, eta, gaur-gaurkoz, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala «inoiz baino beharrezkoagoa» dela aldarrikatu du.
Haren senideek jasan dutena jarri dute adibide: «Salbuespeneko espetxe politika». Osasunerako eskubidea hizpide hartuta, esaterako, ohartarazi dute agintariena dela herritarren osotasun fisiko zein psikologikoa bermatzeko ardura; eskubide horiek modu larrian zapaltzen ari diren estatuena, hain zuzen.
«Egoera larria da oso», esan dute Etxerat-eko kideek. «Urraketa horiek berehala bukatzeko pauso sendoak emateko garaia da; hitzetatik ekintzetara pasatzekoa, alegia».
Hartara, «konponbideak mahai gainean jartzera» deitu ditu instituzioak eta eragile politikoak, «Euskal Herriko biztanle askoren eskubideak zapalduak dituen egoera honi amaiera ematea premiazkoa delako».
Espetxe politikak eragiten dituen egoerez ohartarazteko azaldu dute euskal preso politikoen %42 etxetik 800 eta 1.100 kilometro bitartean dituztela, eta, horren eraginez, 36 egunetik behin istripua izan dutela presoak ikustera zihoazen senide eta lagunek. Oso gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten bederatzi herritar espetxean mantentzen dituztela ere salatu dute, eta Espainiako Gobernua «tranpak» egiten ari dela presoen espetxealdiak legez kanpo luzatzeko. Horren guzti horren aurrean, «arduraz» jokatzeko eta egoera iraultzeko «konpromiso aktiboa» eskatu diete presoen senideek instituzioei zein eragile politikoei.
Jonan Fernandez: «Tranpa»
Hain zuzen, euskal presoak kartzelan mantentzeko «tranpa» egitea aurpegiratu dio Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkariak ere Espainiako Gobernuari. Frantzian zigorra bete duten euskal presoei Espainiako zigorrak gutxitzea saihesteko PPk hartu dituen neurriak salatu ditu: «Espainiak bizi osoko zigorra ezarri nahi badu, esan dezala, alda ditzala legeak eta Konstituzioa, eta utz diezaiola tranpak egiteari».
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.