GAKOAK

2016ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Prostituzioaren kontrako legea behin betiko onartu dute Frantziako Asanblea Nazionalean. Ia bi urte eta erdiko bidea egin du parlamentuan. Hona hemen legearen azken bertsioari buruzko xehetasunak:

1. Bezeroak bilatzea. Prostitutei ez diete zigorrik jarriko «bezeroak bilatzea» leporatuta. Desagertu egingo da delitu hori. Legea onartzen denetik sei hilabetera egingo dute urratsa. Orain arte, bi hilabetera arteko kartzela zigorra eta 3.750 euro arteko isuna izan zitzaketen. Kritika handiak jaso zituen neurriak. 2003an jarri zuten abian, Nicolas Sarkozy ministro zela.

2. Bezeroak. Delitutzat hartuko dute «sexua erostea». Gehienez 1.500 euroko isuna jasoko dute bezero horiek. Behin baino gehiagotan eginez gero delitua, 3.750 euro. Osagarri gisa, prostituten baldintzei buruzko ikastaroa jasoko dute prostituziora jotzen dutenek.

3. Irteera. «Prostituziotik irteteko ibilbidea» jarriko zaie aukeran. Eskubidea aitortuko diete babesa eta laguntza eskuratzeko.

4. Atzerritarrak. «Prostituziotik ateratzeko ibilbidea» hartzen duten emakume atzerritarrei behin-behineko bizileku baimena emango diete. Urte erdirako baimena izango da. Datuek diote prostituten %90 inguru direla atzerritarrak.

5. Aurrekontua. Prostituzioa prebenitzeko eta prostitutei «laguntza soziala eta profesionala» emateko, aurrekontu funts bat sortu beharko du estatuak. Urtean 4,8 milioi euro izango ditu.

6. Hezkuntza. Eskola garaian, edukietan txertatuko dute «gorputzaren merkantilizazioa», hori saihesteko asmoarekin.

7. Zentroak. Eskualdeetan prostitutei eta gizakien salerosketari buruzko zentroak sortuko dira. «Prebentzioa eta biktimen laguntza» izango dira oinarri.

8. Internet. Frantziako legeen aurkako webetarako sarbidea blokeatu beharko dute hornitzaileek, nahiz atzerrikoak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.