«Zigorrik gabeko epaia» ez luketela ulertuko esan dute Bilboko kaleetan

Manifestazioa egin dute 'Cabacas auziko' epaiketako azken saioaren bezperan. Epaiari «adi egoteko» eskatu dute lagun eta senideek
Manifestazioa, atzo, Bilboko kaleetan.
Manifestazioa, atzo, Bilboko kaleetan. MONIKA DEL VALLE/ FOKU

Erredakzioa -

2018ko azaroak 9
Manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan Iñigo Cabacasentzat «justizia» eskatzeko, haren hilketari buruzko epaiketako azken saioaren bezperan. Gaztea gomazko pilota batek jota zauriturik suertatu zen kalezulotik abiatu da mobilizazioa, Maria Diaz de Haro kalean, eta Bilboko epaitegien aurrean amaitu da. Han, Cabacasen senide eta lagunen ordezkariek esan dute euskal gizarteak ez lukeela ulertuko «zigorrik gabeko epairik».

Koldo Gutierrezek eta Eneritz Zabalak irakurritako agirian azaldu dutenez, Cabacasen senide eta lagunentzat gogorra izan da epaiketak iraun duen hiru aste hauetan entzun eta ikusitakoa: «Sutu egin gaitu, mindu egin gaitu, txikitu egin gaitu». Batez ere, fiskalak zigor eskaerarik ez egitea eta «gau hartako pilotakadaren arduradun» diren guztiak auzipeturik ez egotea egin zaie mingarri: «Eta ez gara soilki Ugartekori buruz hitz egiten ari», zehaztu dute, «hor daude [Raul] Otaola, [Jorge] Aldekoa, Rodolfo Ares eta abar».

Haien eskakizunak gogorarazi dituzte berriro: gertatutakoaren «egiaren aitortza», justizia, familiari kalte ordaina eta «berriz ez errepikatzeko bermea». Horretarako, «polizia ereduan» aldaketak egin behar direlakoan daude: «Eredu honek ez du balio, ez dauka lekurik gure jendartean», azaldu dute.

Epaiketa amaitzear dagoen honetan, epaiari «adi egoteko» deia egin dute Cabacasen lagun eta senitartekoek: «Badakigu zaila dela tentsioari eustea, eta horrekin jokatu dute denbora honetan guztian», esan dute, baina, hala ere, azken ahalegina egiteko eskatu diete herritarrei, «unea heltzen denean emaitza egokia ez bada behar den moduan erantzuteko».

Iñigo Cabacasen guraso Manu Cabacas eta Fina Lizeranzuri «babesa» ematen jarraitzeko deia ere egin dute: «Badakigu ez ditugula bakarrik utziko. Hona heldu gara jendearen borrokari esker, eta konpromiso horri eutsiko diogu, bihar [gaur] ez delako hau amaitzen».

Epaiketaren azken saioa

Gaur izango da epaiketako azken saioa. 09:15ean hasiko da, eta alde bakoitzak azalduko du zertan oinarritzen den bere eskaera arrazoitzeko: akusazio partikularraren kasuan, launa urteko kartzela zigorra eta seina urteko inhabilitazioa sei auzipetuentzat, eta absoluzioa defentsa eta fiskaltzaren kasuan. Horren ondoren, epaiaren zain geldituko da epaiketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna