Instituzioek kudeatutako «galdeketa legezko eta adostua» nahi du Urkulluk

PPk GEDen galdeketei buruz galdetu dio lehendakariari, eta erantzun du ez duela sinesten «instituzio demokratikoak ordezkatzeko alternatibetan»
Iñigo Urkullu eta Joseba Egibar, atzoko saioan, Gasteizen.
Iñigo Urkullu eta Joseba Egibar, atzoko saioan, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko azaroak 24
Herri galdeketen gaia Eusko Legebiltzarrera iritsi da, han egindako kontrol saioan Alderdi Popularrak horretaz galdetu baitio Iñigo Urkullu lehendakariari. Urkulluk berriro ere «galdeketa legezko eta adostua» proposatu du, eta erantsi du horrek «instituzioek kudeatua» izan beharko lukeela, hala eginez gero «inolako zalantzarik gabe demokratiko» izango litzatekeelako.

Urkulluk «errespetua» azaldu die GED Gure Esku Dago-k bultzatutako galdeketei, baina berretsi du instituzioek kudeatutako galdeketaren proposamena, «instituzioak direlako herri borondatearen ordezkaritzarik behinena». «Sinesten dut gizartearen parte hartzean eta gizarteari entzutean, gure erantzukizun instituzionalaren osagai delako», esan du, «baina ez dut sinesten demokratikoki aukeratutako instituzioak ordezkatu nahi dituzten alternatibetan».

Zenbait hedabidek eta politikarik gutxietsi egin dute joan den asteburuan egindako galdeketen emaitza, parte hartzea txikia izan zelakoan. Urkulluk, berriz, ez du uste «fokua» kopuruetan jarri behar denik. «Arazoa kopurua baldin bada, horrek konponbide erraza du: egin dezagun galdeketa legezko eta adostua, instituzioek kudeatua, eta orduan zalantza guztiak uxatuko ditugu modu demokratiko batez».

Urkulluk azaldutakoaren arabera, «Euskadin sentimendu, nazio kidetasun eta asmo politiko askotariko eta desberdinak daude». Ondorioz, alderdi politikoen zeregina «elkarguneak» topatzea da, «aniztasunaren barnean bizikidetza bermatzeko». Horretarako, gizarteak dioena «entzun» ez ezik «ulertu» ere egin behar da, Urkulluren arabera.

Lehendakariaren ustez, Jaurlaritzak «errespetua» erakutsi du beti gizartetik sorturiko ekinbideen aurrean, uste dutelako herritarrek egindako proposamenak ere «entzun eta eztabaidatu» egin behar direla. Edozein modutan, argi utzi nahi izan du «erakunde publikoak» direla herritarren borondatea ordezkatzen dutenak.

Oso bestelakoa izan da Alderdi Popularraren ikuspegia. Borja Senper legebiltzarkideak egin du PPren galdera; joan den igandeko galdeketetan parte hartzea %13 izateari «porrota» iritzi dio, eta EAJri eta EH Bilduri leporatu die herritarren artean ez dagoen gogo bat «piztu» nahi izatea.

«Ez dago independentziaren aldeko pultsio sozial bat», esan du Senperrek, «euskal kaleetan zehar masak mugiarazten dituena eta autodeterminazio eskubidearen inguruko eztabaida politiko eta soziala bideratzen duena». Aitzitik, dagoena da «mugimendu hori sustatu eta pizteko borondatea», Senperren aburuz.

Mugimendu horri «zilegitasuna» aitortu badio ere, Senperrek uste du «instituzioak» gailendu behar direla, eta pentsatzen du EAJ «negozio txarra» egiten ari dela, galdeketak sustatzeaz gain akordio bat duelako EH Bildurekin Eusko Legebiltzarraren Autogobernu Lantaldean, estatus politiko berriaz den bezainbatean. Senperren ustez, bata zein bestea negatiboak dira, «egonkortasun politikoari» kalte egiten diotelako eta «herritarren arteko liskarra» sustatzen dutelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna