Gipuzkoak «lanpostu berdeen sorkuntzan duen indarra» erakutsi nahi dute

Gipuzkoako Aldundiak hainbat ekinaldi egingo ditu ekonomia zirkularra sustatzeko. Hondakinak «baliabide» bihurtzeko planaren berri eman dute

Jose Ignacio Asensio, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Erredakzioa
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak «baliabide» bihurtzeko planaren berri eman du, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen harira. Azaroaren 20tik 28ra egingo dute, eta, besteak beste, Garbera merkataritza gunean bigarren eskuko arropa denda bat ipiniko dutela azaldu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak: «Moda jasangarria beste edozein aukera bezain eskura jartzea da helburua».

Asensiok klima aldaketaren arloko «politika guztiak» bizkortzeko beharra nabarmendu du: «Gai izan behar dugu krisi honetatik erantzun berde batekin ateratzeko, eta hazkunde ekonomiko jasangarriaren alde egin behar dugu».

Ekonomia zirkularreko eragileekin elkarlanean aritu dira. Haiek ez ezik, moda jasangarriarekin lan egiten duten diseinatzaileek ere parte hartuko dute egitasmoan. Ingurumen diputatuak jakinarazi du iaz zortzi ekinaldi egin zituztela, eta aurten, berriz, hamahiru egin asmo dituztela. Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin afari jasangarri eta solidario bat antolatu dute, eta Donostiako Scientia Karmelo ikastetxean «naturarekin kontaktuan» egongo den ikasgela bat aurkeztuko dute.

Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren azken urteotako lana azpimarratu du Asensiok, eta esan du 2015. urtetik lanean ari direla lurraldeko ekonomia zirkularra sustatzeko. Berrerabilpena eta birziklatzea indartzeko, GK Recycling taldea sortu zuten, eta moda jasangarria sortzen duten diseinatzaileak batzeko, berriz, GK Green Fashion. 80 eragile biltzen ditu lehenak, eta 40 bigarrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.