ETSk 50,9 milioi eman ditu Donostiako metroaren lanekin segitzeko

Topatutako harri iragazkorrarengatik eta Zubietako zuloengatik egin dute lizitazio berria. Espero dute 40 hilabeteren buruan bukatzea obrak

Donostiako Metroaren obrak Kontxako hondartzan, abendu hasieran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Irailetik bertan behera ziren Donostiako Metroko Mirakontxa eta Easo arteko obrak, eta atzo berrekin zioten prozesuari, Euskal Trenbide Sareak jakinarazi baitzuen lizitatu dituela Mirakontxa-Easo tarteko lanen 2. fasea eraikitzeko lanak. Proiektuak 50,9 milioi euroko oinarrizko kostua izango du, eta espero dute 40 hilabetetan lanak amaitzea, hemendik hiru urte eta lau hilabetera, alegia. Zehazki, 4,2 kilometroko bidea da eraiki behar dutena, eta asmoa da azken hilabeteetan sortutako ezbeharrek eragindako gainkostuari irtenbide bat ematea. Batetik, zundaketetan harri iragazkorra topatu dute hilabeteotan, eta, bestetik, Zubieta kaleko zuloei egin die erreferentzia ETSk, prentsa oharrean.

Bi kasuetan «lanekin aurrera egin ahal izateko teknikak oso motelak eta garestiagoak» direla esan du sareak, eta, horregatik, adjudikazio berria egin dute. Izan ere, bi oztopo horiei aurre egiteko kostua Kontratuen Legeak baimendutakoa baino handiagoa zen, eta, ondorioz, oharrean esan dute «ezinezkoa» zela beste erabakirik hartzea. Urrian iragarri zuten kontratazioa bertan behera utziko zutela, kontuan hartuta bi gertakari horiek konpontzeko lanak legez onartutakoak baino gainkostu handiagoak eragiten zituela. Hala esan zuen Iñaki Arriola Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, atzo: «[Kalteak] konpontzeko aplikatu behar diren eraikuntza teknikak ez zeuden jatorrizko proiektuan jasota, eta adjudikazioaren kostua kontratuen legeak baimentzen duena baino askoz gehiago handitzea ekarri dute».

Orduan aitortu zuen obrak %50 eta %70 artean garestituko zirela, eta metroa uste baino bi urte beranduago jarriko zela martxan. ETSren oraingo kalkuluek ere 2024 hasierarako jarri dute data.

Esleipen berria maiatzean egitea aurreikusi dute, baina ETSk jakinarazi du lanak ez direla etengo: «Lanean jarraituko da hondeatutako tunelaren hormigoizko egiturazko estalduran, zorupea sendotzeko eta auskultatzeko lanetan, gerta daitezkeen gorabeherak ekiditeko». Horrez gain, adierazi dute hainbat lan aurreratuta daudela dagoeneko: Easoko haitzuloaren sarbidea eta aireztapenaren indusketa eta euste lanak, Autonomia kaleko kanoia eta Osasun kaleko igogailuaren putzua ia eraikita daude, esaterako. Dagoeneko eginda dauden obrek 31,8 milioi euroko balioa dutela nabarmendu du ETSk, eta enpresa horrek egiten segituko dituen lanek 3,5 milioi euro gehiagoko kostua izango dutela aurreikusi dute.

Lanak eteteko eskaera

Zubieta kaleko lehen zuloa ekainean agertu zen. Aurretik ere hainbat protesta egin ditu Satorralaia elkarteak, baina gertaera horren ostean, berriro ere eskatu zuten obrak eteteko. Handik bi egunera, azaroaren 17an, agertu zen beste zulo bat, kale horretan bertan. Donostiako EH Bilduk salatu zuen orduan informazioa «ezkutatzen» ari zirela obraren arduradunak.

Orain, ETSk esan du harri iragazkorra egonkortzeko eta Zubieta kaleko zuloak estaltzeko lanean jardungo dela: Morlanseko arrapalan lurra iragazgaitzen eta tunelaren kablearen gainean tratamendu espezifiko bat egiten ari dira, «erresistentzia gaitasuna hobetzeko». Zubieta kalean, berriz, zuloa «faseka tratatu, finkatu eta bete» egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.