Etxebizitzaren arazoaren aurka antolatzera deitu dute Miarritzen

Dozenaka herritar elkartu dira BAM taldeak deituta. «Ez dugu gure lurrak desitxuratzen eta betoitzen utziko», adierazi dute

Ez da salgai leloa zekarren pankarta erraldoiarekin hartu dute argazkia. BAM.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Miarritze
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Ez dugu gure herria hiltzen utziko». Etxebizitzaren gaiak Ipar Euskal Herrian hartu duen bilakaeraz «kexu», dozenaka herritarrek dinamika berri bat abiatzeko asmoa agertu dute Miarritzeko (Lapurdi) itsasargian. Manifestu bat irakurri dute BAM taldearen izenean, eta argazki bat hartu dute Ez da salgai! leloa zekarren pankarta erraldoi batekin. «Ez gara hemen errudunak atzemateko; gu arribatzen gara gure motibaziorik handienarekin erokeria hori lehenbailehen geldi dadin». Miarritzeko Mizanbu gaztetxetik abiatu zen iniziatiba, baina, sareetan deialdia zabalduta, Ipar Euskal Herri guziko herritarrak elkartu zituzten azkenean.

Epe laburrean, etxeen prezioen emendaketa handia izan da Ipar Euskal Herrian. BAM taldekoek argi dute: arazoaren aitzinean, erantzun kolektiboa behar da. «Pertsona batek ez du iraultza egiten ahal. Bere etxea arrazoizko prezio batean saltzen badio euskal herritar bati, ezingo du beste bat erosi, beste pertsona guziek ez badute gauza bera egiten», idatzi dute. Arazoa «globala» dela diote, eta erdigunean «dirua» dela.

«Arrisku» bat aipatu dute: euskal herritarrak Euskal Herritik kanpo bizitzera behartuak izatea. «Galdera hau da: nori uzten diogu Euskal Herria? Maite eta errespetatzen dutenei ala bigarren Saint Tropez bat egin nahi dutenei, hizkuntza, historia, eta kultura gogotik bazterrean utziz?», galdetu dute.

Euskal Herri «herrikoia»

«Klaseen arteko arazoa» ere ikusten dute, eta oroitarazi dute Baiona, Angelu eta Miarritze arrantzaleek, laborariek eta langileek biziarazi dituztela: «Iragan herrikoi horren fruitua gara, hemendik eta kanpotik etorria. Ez dugu onartzen maite ditugun herriak burgesen esku ikustea, ez eta handitu garen herrietatik baztertuak izatea. Ez dugu gure lurrak desitxuratzen eta betoitzen utziko».

Erran dute politikagintzatik aldaketarik etorri ezean herriarengandik etorri beharko dela: «Ekintza hau lehen urrats txiki bat baizik ez da, beste asko bultzatu beharko dituena». Euskal Herri «herrikoia» aldarrikatu dute, eta «promotoreen diktadura» gaitzetsi, Euskal Herria ez dela «salgai» erranez. «Ez dugu gure herria hiltzen utziko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.