Kutxabankek 125 milioi irabazi ditu, negozioaren hobekuntzari esker

Azken sei hilabeteetan inoiz baino hipoteka gehiago eman ditu. Euskaltelen salmentarekin 385 milioi euro patrikaratuko ditu

Kutxabanken bulego bat, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Kutxabankentzat, urtea ona izateko bidean doa. Interes tasak oso apal egon arren, haren negozioa handitzen ari da: inoiz baino hipoteka gehiago eman ditu azken sei hilabeteetan, enpresei emandako mailegua handitu du, eta bezero gehiago lortzen ari da bere funtsentzat.

Dirudienez, datu on horiek ez dira islatu irabazietan, bankuak 125,5 milioi euro irabazi baititu, iaz baino %8,8 gutxiago. Baina, neurri handi batean, aparteko diru sarrerak asko murriztu izanak eragin du galera hori: 31 milioi euro ekarri dizkiote, %79,5 gutxiago. Edonola ere, urte amaierako emaitzek ez dute erakutsiko, ziur aski, halako galerarik, operazio bakar batek ederki lodituko duelako Kutxabanken poltsa: Euskaltelen salmentak. Gaur amaituko da telekomunikazio enpresaren akzioak erosteko Masmovilek egindako eskaintzari erantzuteko epea, eta bankuak adierazi du bere %19,9 salduko duela. 35 milioi akzio direnez, eta Masmovilek titulu bakoitzeko 11 euro ordainduko dituenez, 385 milioi euro patrikaratuko ditu bankuak.

Horien bitartez, urtearen amaieran iazko emaitzak ez ezik —180 milioi euro irabazi zituen—, aurtengorako aurreikuspenak gainditzeko moduan dela uste du bankuak.

Hipoteken %46, EAEn

Baina aparteko diru sarrerei baino gehiago, banku negozioak ematen dituenei erreparatu die Kutxabankek, eta gustuko du ikusitakoa, bilakaera «bikaina» iruditzen baitzaio %8,8 handitzea. Aurreikuspenak «erruz» gainditu ditu emandako maileguetan. Urtearen lehen erdian 2.300 milioi utzi dizkie bere bezeroei: bistan denez, iazko urte arraroan baino gehiago da (+%70,9), baina baita 2019 normalagoan baino gehiago ere (+39). Hipoteketan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatuaren %46,2 dauka, Andaluziakoaren %17,4, eta Espainiako sistemaren %10.

Gora egin dute mailegu pertsonalek (+%19) eta ekoizpen sarera bideratutako finantzaketak ere bai (+%17,7).

Baina Kutxabankek bere inbertsio funtsen hazkundea nabarmendu du gehien. Urteko lehen erdian, 1.419 milioiren aurrezkia erakarri du; horri esker, bere merkatu kuota %39koa da EAEn, eta %6,6koa Espainian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.