Irudi politiko berria utzi du legebiltzarrak

Lasserre-David, Bru eta Lassalle izango dira Ipar Euskal Herriko diputatuak. Estatuan, %57,4k ez dute igandeko bozketan parte hartu
Florence Lasserre-David 5. hautesbarrutiko diputatua garaipena ospatzen, igandean.
Florence Lasserre-David 5. hautesbarrutiko diputatua garaipena ospatzen, igandean. BOB EDME

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 20
Esperotako uholdearen ordez, Martxan-en uhin handi batek hartu du Frantziako Asanblea Nazionala; %57,4k ez bozkatzea erabaki dute ?Ipar Euskal Herrian %54,75 izan da datua?. Baina ondoko bost urteetan aitzina eraman nahi dituen neurriak bozkatzeko diputatuen gehiengo zabala eskuratu du Emmanuel Macronek. Horietako bi diputatu Ipar Euskal Herrikoak izango dira: Modemeko Florence Lasserre-David eta Vincent Bru, 5. eta 6. hautesbarrutietakoak. 4. hautesbarrutian sorpresa eman du Jean Lassallek, Martxan-eko Loic Corregeren aitzinetik iritsita.

577 diputatuetatik 350 izanen dira Macronen babespekoak ?308 Martxan-ekoak eta 42 Modemekoak-. Eskuinak ?LR, UDI eta beste?, 136 jarleku izanen ditu. PSk eta haren aliatuek, 47 ?PSk berak, 31?; Frantzia Intsumisoak, 16; komunistek, 10, eta Fronte Nazionalak, 8.

Talde parlamentarioa osatzeko diputatu aski izanen badu ere, nehoizko galerarik handiena izan da PSrentzat, eta igande gauean dimisioa eman zuen Jean Cristophe Cambadelis idazkari nagusiak. «Ezkerreko eskaintza berri bat eraiki behar da, neoliberalismoari eta nazionalismoei aurre egiteko», adierazi zuen. Iritzi berekoa da Colette Capdevielle PSko diputatu ohia: «PSk krisi biziki larriak pasatu izan ditu, baina bada herri honetan ezker batentzat lekua, Macronen eta Melenchonen artean». Oraingoz, hiru proiektu berriren xedeak agertu dira PSkokoen artean; Capdeviellek ez du argitu zeinen alde eginen duen.

Lasserreren kontra galdu ondotik, abokatu lanera itzuliko da Capdevielle orain arte diputatu izandakoa, Baionako Herriko Etxean hautetsi eta Euskal Elkargoan segituko badu ere. «Etorkizuna? Erraten ahal dut nire laguntzaileak kanpo ezarri beharko ditudala. Errealitate bat da. Eta gerora, badut xantza lan bat ukaitea. Gure aita ez zen abokatua, ez zen senataria, ez departamenduko kontseilaria... Bakarrik egin dut bidea», adierazi du, hunkituta, Lasserre diputatu hautatu berriari erreferentzia eginez ?Jean Jacques Lasserre departamenduko presidentearen alaba da?. «Nik ez dakit [Lasserrek] zer etorkizun nahi duen Ipar Euskal Herriarentzat. Ikusi nahi dut zer eginen duen, eta zer defendatuko duen». Gaitasun faltaren erasoa deitoratu du Lasserrek: «Ni ez naiz sekula besteari erasotzera joan, ez dakit zertan oinarritzen den hori errateko. Hautesleek niri egin didate konfiantza. Lurraldea biziki ongi ezagutzen dut, eta lan anitz eginen dut».

6. hautesbarrutian Bru gailendu da, espero bezala, bozen %57, 7 lortuta. Maider Arostegi LRko aurkariak Martxan alderdiaren garaipena onartzen badu ere, uste du hauteskunde sistema aldatu behar dela. «Ez da egokia Legebiltzarrerako bozak presidentetzarakoetatik hain hurbil izatea. Legebiltzarrean presidente hautatu berriak abantaila izaten du».

Lassalleren sorpresa

Aurreikuspen guziak iraulita, Loic Corregeren aitzinetik iritsi da Jean Lassalle Eutsi alderdikoa. «Maila pertsonalean ez naiz atsekabetua, baina gure lurraldea beste bost urtez Lassallek ordezkatzen duen immobilismo eta kontserbatismoaren menpe uzteak atsekabetzen nau», erran du Corregek. Lanera itzuliko da gaurtik aitzina, baina politikan segitzeko borondatea erakutsi du, bere «balioen alde» lan egiteko.

Ipar Euskal Herrian aurreko legealdian Lassalle, Capdevielle eta Sylviane Alaux (PS) izan ziren hiru diputatu hautatuak.

Korsikan lehen aldiz diputatu abertzaleak izanen dira. Hango lau diputatuetatik hiru Pe a Corsica koaliziokoak izanen dira.

HIRU EUSKAL DIPUTATUEN SOSLAIAK

JEAN LASSALLE. Bigarrengo itzulian irabazten duena

Ezinezkoa zirudien, Jean Lassallek ere onartu zuen «zaila» izanen zela; alta, lortu du. 2007an eta 2012an bezala, lehen itzulian bigarren gelditu eta bigarrengoan diputatu kargua eskuratzea lortu du Eutsi mugimendukoak. Haren ibilbide politikoaren bukaera ospatzea espero zutenek gutxienez beste bost urtean itxaron beharko dute. Hautesbarrutiko eremu guzietan gailendu zaio Loic Correge Martxan mugimenduko hautagaiari, Donapaleun izan ezik. Bertakoa da Lassalleren ordezko Barthelemy Agerre, eta haren kontrako mezu politiko gisa ulertu dute emaitza zenbaitzuek. Zerbait frogatzea ere lortu du Lassallek: hedabideek bozak baldintzatu ditzakete, iritziak eraiki ditzakete, baina, Parisen irrigarria dena Aintzilan ona kausitu dezakete.

FLORENCE LASSERRE-DAVID. Aitaren alaba, «lanerako prest»

Lasserre aspalditik ezaguna da Ipar Euskal Herrian; Florence, ezezaguna gehienentzat legebiltzarreko bozak aitzin... Jean Jacques Lasserre departamenduko presidentearen alaba Florence Martxan-eko hautagai izateak haserrea eragin zuen Emmanuel Macronen aldekoen artean, François Bayrou Modemeko buruak izendatua zelakoan. Alta, haren alde egin dute bozkatu dutenek. Ez da hori Florence Lasserreri egindako kritika bakarra. 5. hautesbarrutiko PSkoek agiri bat idatzi zuten igandeko bozak aitzin, haren esperientzia eta gaitasun falta «penagarria» salatzeko. Diputatu hautatu berriak erasoa gaitzetsi du, eta lanerako prest agertu da, tokiko gaietan lehentasunak markatuta: enplegua, etxebizitza eta garraioa. «Espero dut garraio arloan rol bat jokatzea».

VINCENT BRU. Kanbotik Parisera, bi hilabetean

Orain dela hilabete batzuk inork Vincent Bru Frantziako Asanblean iragarri izan balu, gutxik sinetsiko zuketen. Kanboko (Lapurdi) auzapeza eta departamenduko kontseilaria nahikoa diskretu agertu izan da beti; 2012an Michele Alliot-Marie LRkoaren ordezko gisa aurkeztu zenean, lurraldean duen sustraitzea markatzeko Alliot-Marieren komodin gisa ikusi zuten anitzek. Orain bi hilabete iragarri zuten haren hautagaitza eta arazoak sortu ditu Martxan mugimenduan. Homosexualen ezkontza eskubidearen aurka agertu izanagatik, etika batzordeari dei egin zion Nathalie Niel Martxan-eko departamenduko buruak. Ez zuen erantzunik jaso. EAJk Ipar Euskal Herriko gaiak aitzinatzeko egoki ikusi du Bru. Bost urtean frogatu beharko du hala dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna