5.000 gorputik gora aurkitu dituzte Ukrainan, hobi komun batean

Adituek uste dute 1930eko hamarkadan hildakoak direla. Polizia sekretuak milaka ukrainar hil zituen Iosiv Stalinen agintaldian

Bikivnian hildakoen omenezko monumentua. LEVCHUK VOLODIMIR.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Iosiv Stalin SESBeko presidente zen garaiko Ukrainako hobi komunik handiena izan daitekeena topatu zuten aste hasieran, hegoaldeko Odessa hiriaren inguruetan. Orotara 29 hilobi aurkitu dituzte, eta horietan 5.000 eta 9.000 gorpu artean. Hilotzak 1930eko hamarkadakoak direla uste dute adituek, eta aireportua handitzeko lanak egiten ari zirenean aurkitu dituzte.

Stalinen agintaldian, polizia sekretuak ehunka mila ukrainar hil zituen; haien zerrendak, ordea, sekretupean daude oraindik. «Errusiako Gobernuak inoiz ez ditu utziko gure esku dokumentu horiek», kritikatu du Sergi Gutsaliukek, bilaketak egiten ari den taldeko arduradunak. Historialarien arabera, 8.600 ukrainar zigortu zituzten hiltzera Odessan, 1938 eta 1941 bitartean. Hala ere, adituek zail ikusten dute aurkitutako hilotzak identifikatu ahal izatea.

Hobietan lanean ari den Aleksander Babitx historialariaren arabera, litekeena da oraindik gorpu gehiago aurkitzea, ez dutelako amaitu oraindik eremua zulatzen. 1930eko hamarkadan gune militar bat zegoen hobia aurkitu duten inguruan, eta Babichek uste du litekeena dela hobi gehiago ere izatea.

Orain arte Ukrainan topatutako hobi handiena Bikivniakoa da. Kievetik gertuko hiri horretan 100.000 preso politiko baino gehiago lurperatu zituztela uste dute historialariek —zenbaitek 200.000 aipatzen dituzte—. Arkeologoek 210 hobi baino gehiago topatu dituzte inguru hartan; 1920 eta 1940 bitartean hildako presoenak dira gehienak.

Exekuzioei gehitu behar zaizkie 1932 eta 1933 bitarteko goseteak eragindako hildakoak—hainbat historialarik 3,3 milioi hildako aipatzen dituzte—; zenbait eskualdetan, herritarren herenak hil ziren, eta nekazaritza eremuan bizi zirenek jasan zuten gosetea gogorren. Ukrainan askok salatzen dute gertatutakoa Stalinek hartutako neurrien ondorioa izan zela. «Gobernuak bere esku zegoen guztia egin zuen ukrainarrak herrialdetik atera ez zitezen. Haien asmoak argi daude. Niretzat genozidio bat izan zen», azaldu du Oleksandra Monetovak, Holodomor Memoriaren Museoko kideak.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik berak behin baino gehiagotan salatu izan du Sobietar Batasunak genozidioa egin zuela. «Ez zen izan tragedia sozial edo ekonomiko bat. Herri bat desagerrarazteko ahalegina baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.