4.500 urtez gordetako sekretua

Izpi kosmikoak aztertuta, Gizako Piramide Handian gutxienez 30 metro luze den hutsune bat antzeman dute egiptologoek. Ikusteko dago korridore bat ala beste nolabaiteko gela bat ote dagoen han.

Muoien teknika erabili dute hutsunea antzemateko. BERRIA.
Juanma Gallego.
2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Egiptologiari buruzko liburu jantzietan azaltzen ez bada ere, Asterix eta Obelix Piramide Handian egon ziren. Komikietan bederen, Kleopatra erreginari jauregi bat eraikitzen lagundu behar zioten galiarrek, baina erromatarren alde egiten zuen gaizkile batek, amarru baten bitartez, piramidean sarrarazi zituen, eta bertan giltzaperatuta utzi zituen. Edabe magikoa edanda ere, Obelixen indarra ez zen nahikoa izan bertatik ateratzeko. Ez da harritzekoa. Indar hutsa baino gehiago behar da bi miloi harritzarrez osatutako eraikin bati aurre egiteko. XIX. mendean ere, Howard Vyse koronelak bolborazko upelak zartatu zituen piramidearen barruan bideak irekitzeko; alferrik izan zen, ordea.

Azkenean, galiarrek Idefix txakurtxoaren inteligentziari esker, piramidetik ateratzea lortu zuten. Tematia da guztiz Idefix, eta hortik datorkio izena jatorrizko frantsesean; ingelesera itzuli zutenean ere Dogmatix izena eman zioten: txakur dog-matikoa, hain zuzen. Gurean, agian, Tematik beharko luke, Idefix beharrean.

Bolboraren aukera baztertu, eta txakur tematiaren bideari jarraitu dio oraingoan nazioarteko ikertzaile talde batek Piramide Handiaren sekretuak argitzeko: adimena. Funtsean, erradiografia handi bat egin diote piramideari. Alde bakoitzeko 230 metroko tamaina duen eraikin bat eskaneatzeak zaila dirudi. Beraz, dagoen makinarik handiena baliatu dute horretarako: unibertsoa. Zerutik Lurraren kontra talka egiten duten izpi kosmikoak erabili dituzte erradiografia osatzeko. Atmosferarekin talka egitean, izpiek muoi izeneko partikulak sortzen dituzte. Hezurrak ikusteko erabiltzen diren X izpien moduan, piramidearen barrenak ikusteko parada ematen dute muoiek.

Ikusitakoak hautsak harrotu ditu. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, Keops faraoiaren —K.a. 2509-2483 urteetan agintean— piramidean orain arte ezkutuan egon den hutsune bat baitago. Gutxienez 30 metro luze da, eta han zer dagoen, edo zertarako eraiki zuten, misterioa da. Ez dakite ganbera bat edo korridore bat ote den. Eraikinaren egitura bere horretan mantentzen laguntzeko ere izan litekeela uste dute.

Gaur egun hiru ganbera daude piramidean. Lurpean, bukatu gabe dagoen gela bat dago. Eraikinaren barruan, berriz, beste bi gela daude: erreginaren ganbera eta erregearena. Izendapena, berriz, interpretazio hutsa da. Badirudi biak zirela faraoiarentzat, erreginentzako piramide txikiagoak eraiki baitzituzten. Erregearen ganberan hustutako sarkofago bat dago. Seguruenera, faraoiaren gorpua zegoen han, baina hori ez dago ziur jakiterik, aspaldi desagertu baitzen. Bi ganberak lotzen dituen korridoreari Galeria Handia deritzo. 40 metro luze eta 8 metro garai da. Muoien analisietan oinarrituta, galeria horren goiko aldean antzeko tamaina duen egitura bat dagoela iradoki dute.

Aurkikuntzaren berri emateko egindako prentsa agerraldi batean, Mehdi Tayoubi Parisko HIP Ondare Berrikuntza eta Zaintza Institutuko presidenteak esan du oraingoz ez dakitela horizontala ala okertua ote den. «Baina badakigu hutsunea hortxe dagoela eta harrigarria dela; inork ez zuen aurreikusten hutsune hori hor egotea».

Aspaldiko teknika

Kunihiro Morishima Nagoyako Unibertsitateko (Japonia) fisikariak gidatu du 34 ikertzailez osatutako lan taldea. 2016ko martxoan ikusi zuten eremu jakin batean behar baino muoi gehiago zeudela. Hasierako emaitza hura berresteko, beste bi talde jarri zituzten lanean, 2016ko abuztutik 2017ko uztailera. Scan Pyramids izeneko proiektuko talde bakoitzak muoiak atzemateko teknologia desberdina baliatu du.

Aurkikuntzak izan duen zabalpenari esker, muoien teknika ospetsua egin da, baina aurretik beste piramideetan erabili dela argitu du Jose Miguel Parra egiptologoak. «Luis Alvarez fisikariak erabili zuen aurrenekoz, Kefren faraoiaren piramidea ikertzeko. Halere, ez zuen ezer topatu. Kontuan hartu behar da 1960ko hamarkadan egin zuela azterketa hori, eta garai horretan erabiltzen ziren ordenagailuek gazte gineneko Casio erlojuek baino potentzia txikiagoa zutela». Bestalde, adituak nabarmendu du Alvarezek ez zuela lortu piramide osoa eskaneatzeko moduko aurrekonturik.

Djehuty proiektuko kidea da Parra, eta, orain Egipton lanean ez badago ere, arreta handiz kasu egin dio aurkikuntzari: Piramide Handiari buruzko liburu bat idazten ari da. Orain aurkeztu dituzten emaitzei dagokienez, guztiz fidagarriak direla uste du adituak. «Nature aldizkarian agertu izanaren bermea dute. Gainera, hiru sistema erabili dituzte, eta antzeko emaitzak lortu dituzte. Duda izpirik ez dago: hor hutsune bat dago». Hutsune horretan zer dagoen, berriz, argitzeko dago. Ikertzaileak oso zuhur mintzatu dira, artikuluan bertan eta prentsaren aurrean. Ulertzekoa da zuhurtzia, are gehiago Egiptoren gisako herrialde batean. Urte askoan, Zahi Hawass egiptologo ospetsuak han egiten zen guztiaren inguruko kontrol zorrotza izan du, eta Antzinako Egiptori buruz herrialde arabiarrean egin beharreko guztiak haren onespena behar zuen. 2011n, Hosni Mubarak diktadorea erori eta hilabete gutxira, boteretik aldendu zen Hawass.

Hainbat hedabidek jaso dutenez, Hawassek hutsaren hurrengotzat jo du aurkikuntza. «Jada ez dago Egipton, baina orain diote nazioarteko adituen bilera bat egingo dutela, eta, bat batean, Hawass agertu da berriro; ez dakigu oso ondo zertarako. Argazkian azaldu nahi du», esan du Parrak. «Gizon hau urperaezina da».

Parrarentzat, zalantzak argitzeko bide bakarra piramidea zulatzea da. Egiptologoak azaldu duenez, duela hainbat urtetatik Egiptoko agintariak arkeologia ez-suntsitzailea sustatzen ari dira. «Horregatik, agian ezetz esaten dute, baina nik uste dut merezi duela. Ondare txikiagoa balitz, barruan zer dagoen argitzeko ikerketa beste bide batzuetatik egin beharko litzateke agian, baina, kasu honetan, hain egitura handia izanda, nik ez nuke gaizki ikusiko zulaketa txiki bat egitea, barruan kamera txiki bat sartu ahal izateko».

Adituak argudiatu du margolanik ez dagoela piramidean, eta 230 metroko luzera duen eraikin batean halako zulaketa txikia ezin daitekeela jo suntsitzailetzat. «Piramidearen barruan, argindarra daramaten kableak eskarpien bitartez iltzatuta daude, adibidez. Hatz baten lodiera duen zulo bati buruz ari gara. Teknika erraza da, eta monumentuari kalte handirik egin gabe gauzatu daiteke prozesua».

Pisua arintzeko

Keops faraoiaren hilobian halako esku hartze bat egiteagatik egon daitekeen saria ezezaguna da, baina hipotesi asko jarri dira mahai gainean. «Baliteke korridore bat izatea edo bertan ostilamendu bat egotea. Bigarren aukera izatekotan, ez dakigu nolakoa izan litekeen, orain arte behintzat Inperio Zaharreko hilobiek edukiera txikia izan baitute. Ukitu gabe gurera heldu diren hilobi bakanak oso urriak izan dira edukierari dagokionez». Izan ere, hirugarren aukera bat ere badago: hutsune horrek funtzio arkitektonikoa edukitzea, piramidearen barruan sortzen diren pisuak arintzeko. «Galeria Handia berez ganga bat da; beraz, teorian ez zen beharrezkoa izango gainean beste ganga bat egotea», esan du Parrak. «Baina ez dakigu arkitektoak gainean nahita beste gela bat jarri nahi izan ote zuen, galeria hori amildu ez zedin. Gehiago ikertu arte ez dago hori jakiteko modurik».

Kontua argitu bitartean, egiptologoek teknologia berarekin lanean jarraituko dute, betiere Egiptoko agintarien baimena mantentzen badute. Oraingoz, muoietan oinarritutako teknologia baliatuz, ezin daiteke igarri barruan zer dagoen.

Ia mende bat igaro da Howard Carter arkeologoak Tutankamonen faraoiaren hilobia aurkitu eta «gauza miresgarriak ikusten ditut» esaldi ospetsua esan zuenetik. Orain, ikusteko dago ea laster norbaitek esaldi magiko hori errepikatzeko tenorea izango ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.