Najib Mikati enpresaria izendatu dute Libanoko lehen ministro

Parlamentuko 118 kideetako 72ren babesa du. Gerra zibiletik jasaniko krisi ekonomiko larrienari aurre egitea izango da haren ardura nagusia

Mikati, Aunekin bildu ostean, atzo. WAEL HAMZEH / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Libanoko Parlamentuko 118 parlamentarietako 72ren onespena eskuratuta, gobernu berria osatzeko ardura hartuko du Najib Mikatik. Michel Aun presidenteak berretsi du erabakia, eta Mikati lehen ministro izango da aurrerantzean. Besteak beste, Hezbollah eta Etorkizunerako Mugimendua alderdien, eta Saad Hariri eta Tamam Salam lehen ministro ohien babesa jaso du hark. Herrialdeko gerra zibila amaitu zenetik izaniko egoera ekonomiko txarrenari aurre egitea izango du lehentasuna. «Sua itzaltzeko garaia da», azaldu du lehen ministro berriak.

Mikati 1998an iritsi zen Libanoko politikako lehen lerrora, Lan Publikoaren eta Garraioaren Ministerioaren gidaritza hartuta. Halere, ezagunagoa da enpresa munduan izaniko jardunagatik. Hainbat eraikuntza eta telekomunikazio enpresa zuzendu ditu, eta, egun, M1 Group inbertsio funtsaren jabe da, anaiarekin batera. Forbes aldizkariaren kalkuluen arabera, lehen ministro berriak 2.285 milioi euro inguru ditu.

Ez da lehen ministro izendatzen duten lehen aldia ere: 2005ean eta 2011tik 2014ra ere kargu hori izan zuen 66 urteko enpresariak. Oraingoan, baina, herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoak baldintzatuko du haren jarduna. «[Gobernua] Lehenbailehen jarri behar da martxan, herrialdeko egoera ekonomikoa salbatzeko erreformak egin daitezen», eskatu du Aunek. Izan ere, Libanok ia urtebete darama behin-behineko gobernu batekin. Haririk iazko urrian hartu zuen gobernua osatzeko betebeharra, baina, presidentearekin izaniko ulertu ezinak tarteko, uko egin zion uztailaren 15ean.

Egoera bideratzeko asmoz, herrialdearen garapenean laguntzeko Frantziak eginiko proposamenari baiezkoa eman diote Mikatik eta Aunek. Azken horrek eskerrak ere eman dizkio Frantziako presidente Emmanuel Macroni; besteak beste, Libanoko egoera jorratzeko goi bilera bat antolatzeagatik, iazko Beiruteko portuko leherketaren urteurrenarekin. Ezbehar hark 200 hildako baino gehiago eragin zituen, eta kalte material larriak. Haren ondorioz, gainera, langabeziak gora egin zuen, eta herrialdeko bankuek herritar ugariren kontuak izoztu zituzten, egoera ekonomikoa are gehiago korapilatzeraino. Ordutik, herrialdean ohikoak dira oinarrizko hainbat produkturen eskasia, eta ur eta argindar zerbitzuen etenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.