Pentsioak kalkulatzeko epea 35 urtera luzatuko duela ukatu du Madrilek

Bruselara bidalitako agirian ez da urte horien aipamena agertzen, baina bai zirriborro batean. Kotizazio epeak luzatzeko aukera ez du baztertu

Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa, atzo. NEWSPHOTO PRESS / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Pentsioak kalkulatzeko kontuan hartu beharreko kotizazio epeari buruzko eztabaida behin betiko itxi nahi izan du Espainiako Gobernuak. Pedro Sanchez presidenteak eta Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak atzo agindu zuten epea ez dutela 25 urtetik 35 urtera igoko. Madrilgo gobernuaren barruan eztabaida handia izan da horren inguruan, Unidas Podemoseko ministroek ohartarazi dutelako ez dutela inolaz ere onartuko.

Kalapita faltsua dela adierazi zuen atzo Escrivak, ez dagoela borrokarik gobernuaren barruan,inork ez duelako 35 urteko kotizazioa aipatu. «Ez da existitu, eta ez da existituko», ziurtatu du, Onda Cero irratian. «Kontakizun artifizial bat» sortu da neurri horren inguruan, «existitzen ez den errealitate batetik abiatuta». «Zer gertatu da? Erdibideko kalkulu batzuetatik abiatuta, norbaitek hartu egin dituela eta horrekin kontakizun bat egin duela, esan ahal izateko konfrontazio kontakizun bat badagoela».

Adierazpen horiek ez datoz guztiz bat atzo hedabide batzuekfiltraturiko agiri batekin. Espainiako Gobernuak Europako Batzordera igorri beharreko erreformen zirriborro bat da, Gizarte Segurantzako Ministerioaren zigilua du, eta espresuki aipatzen du 35 urteko epea. Edonola ere, zirriborro hori bidean geratu da, eta hainbesteko zehaztasunikez da agertzen Madrilek Europako Batzordera bidalitako azken testuan.

Aldaketak izango dira

Batera edo bestera izan, pentsioa kalkulatzeko epea 35 urtera ez handitzeak ez du esan nahi ez direnik aldaketak izango arlo horretan. Bruselak jaso duen agiriak berak dio aldaketak izan daitezkeela arlo horretan, «ibilbide profesionalen oraingo errealitatera egokitzeko». Bi iradokizun egin ditu: urte gehiago har daitezkeela kontuan —«pentsioa egindako ekarpenari gerturatu behar zaio»—, baina kotizatu gabeko edo kotizazio txikiko urteen konpentsazioa izan daitekeela. Formula bat izango litzateke urte gehiago kontuan hartzea, baina langileak eskubidea izatea urte okerrenak zenbaketa horretatik kentzeko.

Kontuan hartzen diren kotizazio epeak luzatzeak, oro har, jaso beharreko pentsioak jaitsi izan ditu orain arte, ohikoa baita langile baten soldata handitzea bere ibilbide profesionalak aurrera eginez gero, dela ardura handiagoko kargua hartu dutelako, dela antzinatasun saria eskuratzen duelako —Bruselara iritsi ez denzirriborroaren kalkuluen arabera, 25 urtetik 35era handitzeak batez beste %6,3 txikituko lituzke pentsioak—.

Baina Escrivak esan du azken urteetan egoera aldatzen ari dela, badirela azken urteetan diru sarrera txikiagoak dituzten herritarrak, batez ereerretiroa hartu aurretik kaleratu dituztelako. Horri gehitu behar zaio prekaritatea handitu egin dela azken hamarkadetan, eta, horren ondorioz, gero eta langile gehiagok kotizatu gabeko urteak dituztela edo oso ekarpen txikikoak. Egoera horrek batez ere gazteei eta emakumeei kalte egiten diela aipatu du ministroak, eta hori kontuan hartu nahi dutela erreforman. «Bruselara doana gizarte eragileekin lantzen ari garena da: jende askoren lan bizitzak aztertu behar ditugula, ikusteko noiz arte luzatzen diren beren kotizazioak, ikusteko zer gertatzen den hutsuneekin, azken urteekin».

Azken hamarkadetan asko handitu da pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko erreferentzia. 1985era arte, lan egindako azken bi urteetako soldataren araberako pentsioa jasotzen zuten erretiratzen zirenek, baina urte hartan zortzira handitu zuten, eta hamabostera 1997an. 2011n, berriz, hamabostetik 25era igotzeko prozesua hasi zen, datorren urtean bukatzekoa dena. Horrenbestez, aurten erretiroa hartuko dutenen azken 24 urteetako kotizazioak hartuko dira kontuan.

Pentsioak eguneratzeari dagokionez, erreformak behin betiko lurperatuko du PPk arlo horretan zioena, hots, %0,25 soilik igotzea Gizarte Segurantzak defizita zuenean. Pentsioek erosteko ahalmenari eutsiko diotela agindu du Espainiako Gobernuak, baina horrek ez du ezinbestean esan nahi urtero KPIa igoko dietenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.