Joateko ordua heldu zaio Salmondi

Irailaren 19an iragarritako dimisioa gauzatuko du gaur Eskoziako lehen ministroak.

SNPko buru gisa ere Sturgeonek ordezkatuko du
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa, erreferendumaren emaitza jakin berritan.
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa, erreferendumaren emaitza jakin berritan. STR / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 14
Independentziari buruzko erreferendumarekin agintaldi osoko helburua joan zitzaion Alex Salmondi. Irailaren 19an, ezezkoak botoen %55ekin irabazi zuela jakin bezain pronto, dimisioa iragarri zuen: «Bide honek jarraitu behar du, baina beste baten eskutik». Gaur utziko du ofizialki Eskoziako lehen ministro kargua, eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruzagitzari ere uko egingo dio, baina parlamentari izaten jarraitzeko asmoa du.

Okerrik ezean, Nicola Sturgeonek hartuko dio lekukoa, urte askoan Salmonden ondokoa izan denak. SNPk asteburuko kongresuan onartuko du alderdiko buru gisa, eta parlamentuak datorren astean bozkatuko du haren hautagaitza lehen ministro izateko. Salmondekin batera, independentziaren aldeko Yes Scotland kanpainaren aurpegi ezagunenetakoa izan zen Sturgeon erreferendumaren aurreko hilabeteetan. Onarpen inkestetan emaitza onenetakoa lortu ohi duten politikarien artean dago; besteak beste, gehiago lotzen dutelako Glasgow inguruko langile mugimenduarekin —Salmondi gehiago leporatzen diote enpresarien laguna izatea—.

Lehen ministroak Eskoziako Parlamentua goraipatu du legebiltzarreko azken agerraldian: 1999an sortu zenean askok zalantzan jartzen zutela instituzio haren funtzionaltasuna, baina azken urteotan «nazioaren eztabaida politikoa bermatzeko espazioa» dela frogatu duela.

Parlamentu horrexetan gehiengo osoa du une honetan SNPk, eta igoera hori, neurri handi batean, Salmondekin batera ailegatutako belaunaldiari zor dio. 2007an heldu zen lehenbizikoz gobernura, ordura arte laboristena izandako eremua bereganatuz; gutxiengoan gobernatu zuen lau urtez, eta 2011ko hauteskundeetan lortu zuen desiratutako gehiengo osoa. Horrek indarra eman zion aurretik agindutako egitasmo bat martxan jartzeko: independentziari buruzko erreferenduma antolatzea. Duela bi hilabete eskas egin zuten azkenean, Londresko gobernuaren adostasunarekin. Ezezkoak irabazi zuen, eta Salmondek kargua uztea erabaki zuen. Ustez galtzaileen bandoan geratutako alderdia, ordea, ez da ahulduta irten bozketa hartatik, alderantziz baizik: hilabete eta erdian ia laukoiztu egin da haren afiliatu kopurua, eta Erresuma Batuko hirugarren alderdi nagusi bihurtu da, libera demokraten aurretik.

«Eskozia banatu du»

Eskoziako lehen ministroak astero egin ohi dituen galdera-erantzun saioetan azkena izan zuen atzo Salmondek Edinburgoko parlamentuan. Hitzaldietako batean, estu hartu nahi izan zuen Jackie Billie diputatu laboristak: «Aro baten amaiera da gaurkoa. Inork ezin du ukatu Alex Salmondek Eskoziarekiko daukan pasioa. Baina benetako tragedia zera da: independentziak itsututa, alde batera utzi zuela pobrezia gutxitzeko eta justizia soziala bermatzeko egin zezakeena. Salmondek benetan utzitako ondarea ez al da sekula baino erdibituago dagoen Eskozia bat?».

Erantzunetan, lehen ministroak gogorarazi dio Alderdi Laborista ere ez dagoela unerik indartsuenean. Haren presidenteak ere bat-batean eman zuen dimisioa, eta alderdia garesti ari da ordaintzen erreferendumeko garaipena. Londresen agintzen duten kontserbadoreen aldamenean agertu zen, eta haien promesak babestu zituen. Erreferenduma igaro eta lehenbiziko bi hilabeteetan ez dute promesa horien arrastorik sumatu Eskozian, eta laboristak jo dituzte horren erantzule —kontserbadoreek ez dute ia ordezkaritzarik Eskozian—.

Datorren urtean Erresuma Batuko Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte; eta, hurrengoan, Eskoziarakoak. Bietan, SNPren oso atzetik doaz laboristak. Erresuma Batuko Parlamentuan, Eskoziako diputatuek 59 eserleku dituzte; tradizioz laboristek lortu ohi dituzte gehienak, baina orain aldatzen ari da balantza. Panelbase erakundeak aurreko astean argitaratutako inkesta baten arabera, SNPk 47 lortuko lituzke datorren urteko bozetan; laboristek hamar, eta kontserbadoreek eta liberal demokratek bana. Independentziari buruzko erreferenduma bihar balitz, %51k baietz bozkatuko luke, eta %49k ezetz.

Salmondek 60 urte beteko ditu datorren astean. Bizi den artean independentzia ikusiko ote duen galdetuta, baietz erantzun du: «Noiz arte bizitzea espero dudan, hori espekulazio handiko kontu bat da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna