Tentsioaren frontea, Europa ekialdean

Polonian arma astunak ezarriko dituzte AEBek.Errusia: «Gerra Hotza bukatu zenetik egin duten mugimendu erasokorrena izanen da»

Ray Mabus AEBetako itsas armadako idazkaria (zibil jantzita) Varsovian egindako ekitaldi batean, atzo. RAFAL GUZ / EFE.
mikel rodriguez
2015eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ukrainako gatazka piztu zenetik, bertze Gerra Hotzik ez dela hasiko erran izan dute AEBetako eta Errusiako ordezkariek, eta zenbaitetan elkarri egotzi diote XX. mendeko gatazka hura berpiztu nahi izatea. Azken urtebete baino gehiagoan izan diren zenbait gertakarik, baina, lehia haren antz handia hartu dute. Azkena, Poloniako Defentsa ministroak jakinarazitakoaren harira: Gerra Hotza bukatu zenetik lehenbiziko aldiz, AEBek arma astunak ezarriko dituzte Europako herrialde komunista ohietan (zehazki, Polonian). Errusiak erantzun du Washingtonek hori eginez gero Moskuk ere areagotu egin beharko duela militarizazioa mendebaldeko mugetan.

The New York Times egunkariak aitzinatu zuen albistea, eta Tomasz Siemoniak Poloniako Defentsa ministroak baieztatu du. AEBetako agintariek ez dute adierazpen ofizialik egin. Siemoniakek azaldu du iragan hilean elkartu zela Ash Carter AEBetako Defentsa idazkariarekin, eta eztabaidatu zutela Polonian arma astunak, tankeak eta ibilgailu militarrak ezartzea. «Aurki hartuko ditugu erabakiak», idatzi du Siemoniakek Twitter sare sozialean. Eta gehiago ere azaldu du, erran baitu Polonian AEBen presentzia militarra handitzeko asmo hori «hamarkadetarako» hartu dutela. Nazioarteko hainbat hedabideren arabera, Baltikoko hiru errepublikek ere hitzartu dute AEBekin presentzia militarra handitzeko plan bat —Estoniak, Letoniak eta Lituaniak—. Erresuma Batuko BBC katearen arabera, AEBek Europa ekialdera bidalitako arma horiek balioko lukete NATOren esku hartze azkarretarako taldea berehalakoan hornitzeko. Ukrainan gerra piztu ondotik, NATOk iaz erabaki zuen Europa ekialdeko herrialdeetan borroka frontean azkar esku hartzeko talde berezi bat osatzea.

NATOk eta NATOko herrialdeek halako erabakiak hartu dituztenean, ofizialki saihestu izan dute erratea Errusiari aurre egiteko neurriak direla. Hala ere, Errusiari leporatzen diote «asmo espantsiboak» izatea, eta Moskuk berak mehatxutzat hartu ditu neurri horiek. Azken kasuan, Vladimir Putin presidentearen bozeramaile Dmitri Peskovek ez du adierazpenik egin nahi izan, AEBetako agintariek ez dutelako berrespen ofizialik egin.

Erantzuna, Kaliningraden

Defentsa Ministerioko ordezkari batek eman du iritzia, ordea. «AEBek tresneria militar astuna ezartzen badute Europa ekialdeko eta Baltikoko herrialdeetan, Pentagonoak eta NATOk Gerra Hotza bukatu zenetik egin duten mugimendurik erasokorrena izanen da», adierazi dio Juri Jabukov jeneralak Interfax agentziari. «Errusiaren aukera bakarra izanen da mendebaldeko fronte estrategikoan haren indarrak eta baliabideak areagotzea».

Jabukoven arabera, Errusiak Iskander misilak ezarriko lituzke Kaliningraden, hasieran erabakitako epea baino lehen. Errusiak Baltikoko kostan bakartuta daukan eremu bat da Kaliningrad. II. Mundu Gerrara arte Alemaniako lurraldea zen, eta Poloniarekin eta Lituaniarekin egiten du muga. Aire defentsak saihesteko gaitasun handia daukaten misil balistikoak dira Iskander motakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.