EBk abendua amaitzerako emango du Zaldibarko auziko ikerketaren berri

Izaskun Bilbaok galdetuta, Ingurumenerako komisarioak erantzun du aurretiaz egindako ikerketetan lankidetza zuzena izan dela erakundeekin

Izaskun Bilbao, EAJren eurodiputatua. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Erredakzioa
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak abenduaren amaierarako aurkeztuko du Zaldibarko auziari buruz egiten ari den ikerketaren emaitza. Hala erantzun dio Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatuari Virginijus Sinkevicius Ingurumenerako komisarioak. Otsailaren 13an, PPk, Ciudadanosek eta Podemosek auzi honi buruz egindako agerraldien harira, Sinkeviciusek auzia ikertzea ebatzi zuen, uste zuelako entzundakoak entzunda zabortegiaren kudeaketan gabezia garrantzitsuak egon zirela, eta ohartarazi zuen ardura duten erakundeek atzeman, zaindu eta, behar baldin bazen, zigortu egin behar zituztela.

Bilbaok galdetu dio ea noiz amaituko duen ikerketa batzordeak, ea zer jarrera topatu duen erakundeen aldetik EBk ikerketa egitean, eta ea hasierako iritziari eusten dion. Sinkeviciusek erantzun dio ikerketaren lehen fasean erakundeek zuzen erantzun dutela, eta gehitu du 2020 amaierarako erantzun bat emango diotela Espainiari.

Erantzun hori jasota, Bilbaoren iritziz, erakundeen jokabidea «zuzena» izan da. Haren ustez, horrek erakusten du Eusko Jaurlaritza «gardentasunez» aritu dela auzi honetan, eta zabortegiaren gainean egin duen kudeaketari buruz ez duela «ezer ezkutatzeko, ez Euskadin, ez Europan». Hala azaldu du Bruselatik, Twitter sarera igo duen mezu batean, gaztelania hutsean.

Jaurlaritzak Alberto Sololuzeren eta Joakin Beltranen gorpuak topatzean jarri ditu indarrak, Bilbaok esan duenez. Sololuzerena abuztuan topatu zuten; Beltranenaren bila ari dira oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.