Katalunian amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko akordioa, akuilu

Egitasmoaren talde eragileak adostasun zabal bat bildu nahi du urrirako, independentzia erreferendumaren bosgarren urteurrenerako

Manifestari independentistak, 2019ko otsailean, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Kataluniako mugimendu independentista mugarri bat ezartzen ahaleginduko da hilaren amaieran martxan jarriko duen Amnistiareneta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Sozialarekin. Egitasmoak apirilaren 1ean aurkeztuko du bere talde eragilea, prentsaurreko batean, baina aurreratu dute bere helburu nagusia: «ahalik eta babes sozial handiena biltzea amnistiaren eta autodeterminazioaren eskari bikoitzaren bueltan». Iragarri dute ere talde eragilearen egitekoa irailaren amaierarako bukatu nahi dutela, urriaren 1a baino lehen jaso ahal izateko lan horren uzta; hain justu, 2017ko independentzia erreferendumaren bosgarren urteurrena betetzen denerako. Akordioa bera eta erreferendumaren urteurrena herritarren mobilizaziorako akuilu bihurtzeko egingo dute lan eragile independentistek, eta mobilizazio hori Espainiako Gobernua mugiarazteko erabili.

Pere Aragonesek Generalitateko presidenteak joan den otsailean aitortu zuen Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoari konponbidea emateko elkarrizketak «blokeatuta» daudela, eta ezinbestekotzat jo zuen Kataluniako gizartearen mobilizazioa, Madril mugitzera behartzeko.

Akordio sozialaren egitasmoa legealdirako plangintzan jasoa zuen Aragonesek —hasiera batean Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Nazionala izenarekin—, eta hasieratik izan du sektore zabal bat biltzeko nahia, Catalunya En Comu Podemek ordezkatzen duena barne. Presidente kargua hartu berritan, Kataluniako gobernuburuak esan zuen akordio hori bultzatuko zuela Espainiako Gobernuarekin negoziazio mahaia abiatu aurretik, Generalitateak gatazkaren konponbiderako amnistia eta autodeterminazioa aldarrikatzen dituenean, gizarte babes handi baten bermea duela erakusteko.

Bi gobernuen arteko mahaia iazko irailean bildu zen, eta egitasmoa oraindik ez zegoen abian. Akordio Soziala ehuntzeko talde eragilea iazko azaroan hasi zen «pazientziaz eta modu sotilean» biltzen, eta herenegun jakinarazi zuen «lanerako proposamen bat» adostu duela.

Askotariko ordezkaritza

Talde eragilea 30 kidek osatzen dute. Izenei erreparatuta, nabari da pluraltasun politikoa islatzeko borondatea. Partaide dira, besteak beste, Carme Forcadell —ERCk proposatuta—, Joaquim Forn—Juntsek proposatuta—, David Fernandez CUPeko parlamentari ohia, eta Ozgur Gunes ekintzaile feminista marxista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.