II. Mundu Gerraz geroztiko gastu militarrik handiena onartu du Japoniak

Japoniako armadak gaitasuna izango du «etsaitzat» jotzen dituen herrialdeen base militarrei erasotzeko. Oposizioa kritiko azaldu da

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa, atzo, Tokion. DAVID MAREUIL / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Paradigma aldaketa bat abiatu da Japonian. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, Japoniak ez du izan «etsaiei» erasotzeko gaitasun militarrik, konstituzio «bakezalea» egin baitzuen 1947an. Atzo, ordea, Fumio Kishida lehen ministroak datorren hamarkadarako «defentsa» nolakoa izango den azaldu zuen: besteak beste, azken zazpi hamarkadatako gastu militarrik handiena izango du Japoniak, eta armadak gaitasuna izango du «etsaien» base militarrei eraso egiteko.

Japoniako Gobernuak erabaki duen defentsa planaren arabera, gastu militarra BPG barne produktu gordinaren %2koa izango da 2023 eta 2027 artean. Orain arte, BPGaren %1 baino gutxiago zegokion gastu militarrari, baina, neurri berriarekin, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren estatuen adinakoa izango da.

Erabakiaren berritasun nagusia «kontraerasorako gaitasuna» deitu diotena da. Hau da, Japoniak gaitasun militar nahikoa izango du «etsaiei» erasotzeko, eta kasu hauetan erabiliko du indar militar hori: Japoniari eraso egingo baliote, edo bere aliatua den herrialde bati, Japoniaren «iraupena» arriskuan jarriz; eraso bat eragozteko baliabide nahikorik izango ez balute; eta betiere ahalik eta indarkeria «txikiena» erabiliz.

Aurrerantzean, Tokiok gaitasuna izango du beste herrialde batzuen base militarrei erasotzeko, bi helbururekin: «disuasioa eta prebentzioa». Kishidak atzo azaldu zuen Japoniaren gaitasun militarra handitzea erabaki dutela «Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik izan den segurtasun ingururik larrienari aurre egiteko». Txinak azken urteetan gaitasun militarra nabarmen handitu izanak, azken asteetan Ipar Korea egiten ari den misil jaurtiketek eta Ukrainako gerrak ere eragina izan dute erabakian.

Hala ere, oposizioak gaitzetsi egin du gobernuaren erabakia, eta adierazi armada indartzea ez datorrela bat konstituzioarekin. Izan ere, armadaren funtzio mugatuak ezartzen ditu, eta defentsara bideratuak soilik. Gainera, AEB Ameriketako Estatu Batuak arduratu izan dira Japoniaren defentsaz.

Japonia Alemania naziak eta Italia faxistak osaturiko ardatzeko kide izan zen Bigarren Mundu Gerran, eta, gatazka amaitu zenean, 1945ean, aliatuek okupatu zuten uhartedia. Orduan egin zuten Bakearen Konstituzioa deiturikoa, AEBek bultzatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.