Katalunia. Prozesu subiranista

Diadara begira paratu da Katalunia, tentsio aldi gorenean murgilduta

360.000 herritarrek eman dute izena etziko ekitaldirako. Parlamentuak trantsiziorako legea onartuta bukatu du prozesua. Puigdemonten eta gobernuko kideen aurkako kereila onartu dute auzitegiek

Diadara begira paratu da Katalunia, tentsio aldi gorenean murgilduta.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Mekanismo guztiak martxan paratu dituzte bi aldeek. Kataluniako Parlamentuak atzo goizaldean onartu zuen trantsizio legea, urriaren 1eko erreferendumean independentziaren aukerak irabaziz gero errepublikaren behin-behineko oinarriak ezarriko dituen agiria, eta, hortaz, independentistek bukatutzat eman dute prozesu osoa egiteko lan legislatiboa. Bertzelako hari muturrak dituzte lotzeko; horietako bat, udalen erantzuna antolaketari buruz —atzo arte, %60 zeuden parte hartzeko prest—. Kontrako aldean, Espainiako Estatuak ere martxan paratu ditu erreferenduma eragozteko agindu zituen mekanismoak: gobernuak helegitea aurkeztu zion atzo trantsizio legeari Auzitegi Konstituzionalean, fiskal nagusiak kereila aurkeztu zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen eta haren gobernuko kideen aurka, eta, lehenbiziko aldiz, ekintzara ere pasatu da estatua, Guardia Zibilak inprimategi bat miatu baitzuen atzo, fiskaltzaren aginduz. Giro horretan, astelehenerako Baietzaren Diada prest dute independentistek. «2012tik, milioika kataluniar irailaren 11 oro karrikara atera gara modu baketsuan, lasai eta jai giroan, alde batera utzi ezin dugun oinarrizko ideia bat defendatzeko: kataluniarrek eskubidea dugula gure etorkizuna erabakitzeko», adierazi zuen atzo Puigdemont presidenteak. «Aurten berdina egin behar dugu, baina baldintza ezberdinetan».

ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Culturalek eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak atzo aurkeztu zuten Diadarako ekitaldia, zurrunbilo guztiaren erdian. Batuketa bat azaltzeko gurutze erraldoi bat irudikatu nahi dute Bartzelona erdian. Jordi Sanchez ANCko presidenteak azaldu zuenez, atzorako 360.000 herritarrek izena emana zuten parte hartzeko. Sanchezek azaldu zuenez, iazko ekitaldirako, data berean, 342.000 ziren izena emandakoak. «Graçia pasealekua eta Aragoi kalea autodeterminazio eskubidea betetzearen aldeko aldarri ozena bihurtuko dira». ANCren arabera, gurutzeak sinbolizatuko du «estatu berriak kataluniarrei ekarriko dizkien aukerak».

Gurutze bat Bartzelonan

Gurutzea zatika banatu dute elkarte independentistek. Lau zati nagusitan —lau besoak, Kataluniako lurralde historiko bakoitzeko—, eta, horiek, 48 zati txikiagotan —eskualde bakoitzeko bat—. 16:00etarako dagokien tokietan egon beharko dute parte hartzaile guztiek. 17:00ak arte musikarekin eta kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak eginen dituzte, eta, ordu horretan, pankarta bana zabalduko dute lau besoetan. Bakearen eta erabakitzeko eskubidearen aldeko leloak eramanen dituzte pankarta horiek. 17:14etan, gurutzearen muturretatik erdigunera mugituko dituzte pankartak, bat egiteko —1714. urtea sinbolizatzen du ordu horrek, Espainiako Erresumak Kataluniako Printzerriari lege eta erakunde propioak kendu zizkion urtea—. Elkarte independentistek hori argi koloreko kamisetak saldu dituzte ekitaldirako, eta espero dute gurutzean irudi koloretsu eta deigarri bat osatzea.

Bartzelonako Euskal Etxeak ere parte hartuko du gurutzean; zehazki, Graçia pasealekuko hegoaldean ezarriko da, Katalunia plazaren eta Gran Viaren artean. 15:30etarako egin du hitzordua, eta 15:00etan kalejiran joanen da Euskal Etxetik haraino. Euskal herritarrei hitzordu horiekin bat egiteko eskatu die.

Puigdemont ere elkarte independentisten ekitaldira joatekoa da. «Mehatxuen, oztopoen, kereilen, eta estatuaren estolderiak eta egiturak erabiltzearen olatu honi erantzun masibo bat eman behar zaio», adierazi zuen Twitter bidez argitaratutako bideo batean.

Hain zuzen, atzodanik, Puigdemont bera Espainiako Justiziaren jomugan dago, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu baitzuen presidentearen aurkako kereila. «Desobedientzia, prebarikazioa, eta diru funtsak bidegabe erabiltzea» leporatzen die hari eta haren gobernuko kideei—espetxe zigorra ezarri liteke diru funtsak bidegabe erabiltzeagatik—. Horrekin batera, auzitegi horrek tramiterako onartu du Carme Forcadell parlamentuko presidentearen eta parlamentuko mahaiko lau kideren aurkako bertze kereila bat, gobernuko kideei egotzitako delitu berberengatik —aitzinetik irekia zuten prozedura bati gehituko dio kereila hori—.

Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak Polizia guztiei eskatu die erreferendumaren aldeko ekintzak eragozteko neurriak hartzea, Kataluniako Gobernuak gai horri buruz duen webgunea ixtea eskatu du, hedabide publikoei eta pribatuei erreferendumaren inguruko iragarkiak argitaratzea debekatzea, eta udalei ohartarazpenak bidali dizkie.

Mazaren eskariek izan dute bertze ondoriorik, Guardia Zibila haren aginduz sartu baitzen atzo Constanti herriko inprimategi batean, Tarragona ondoan. Hainbat guardia zibil, arropa zibilekin jantzita, txaleko islatzaileak soinean eta aurpegia estali gabe, bi orduz egon ziren inprimategian, eta kaxa bat, motxila bat eta maletak eraman zituzten, enpresak jakinarazi zuenez. Guardia zibilaren presentziak aztoramendua eragin zuen Berga eta Manresa hirietan ere. Arma luzeak eskuetan zituzten agente uniformatuak atera ziren karrikara, «ohiko zerbitzuetan», Guardia Zibilak Nacio Digital atariari erran zionez. Montse Venturos Bergako alkatearen ustez, ez da «kasualitatezkoa» izan, bi udal horiek babesa eman baitiote erreferendumari. Herritarrei lasai egoteko erran die Venturosek.

Bartzelona, erabaki gabe

Fiskaltzak irekitako bideaz gain, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren bidez irekitakoari ere aurre egin behar diote independentistek. Kataluniako Parlamentuak atzo onartutako trantsizio legeari ordu batzuetara helegitea paratu zion Madrilek. Ministroen kontseiluak erabakia hartu ondoren, Iñigo Mendez de Vigo gobernuko bozeramaileak eman zituen azalpenak prentsaren aitzinean. Trantsiziorako legeak ordena konstituzionala «guztiz» hausten duela erran zuen. Bezperan Erreferendum Legeari eta galdeketara deitzeko dekretuari paratu zion helegitea Madrilek; Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen, eta, atzo, aldizkari ofizialean argitaratuta, legea behin-behinean bertan behera utzi du ofizialki.

Auzitegi Konstituzionala erabakien berri zuzenean ari zaie jakinarazten Kataluniako ordezkari publikoei; horien artean, alkateei. Ada Colau Bartzelonakoak ez du jarrera argi bat du oraindik. «Generalitateari eskatu diogu argitzeko zer pentsatzen duen egitea Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekin, eta zer ondorio duen aitzinera segitzeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.