Putinek ados jarri nahi du Zelenskirekin, pasaporteen auzia konpontzeko

Errusiako presidenteak argudiatu du errusiarrentzat eta ukrainarrentzat «onuragarria» litzatekeela «herritartasun partekatua» izatea

Putin, herenegun, Errusiako patriarkarekin. YURI KOCHETKOV / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Herritartasunaren auziaren inguruan korapilatu dira Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa. Luhanskeko eta Donetskeko Herri Errepubliketan bizi diren herritarrentzat Errusiako pasaportea lortzeko prozedura erraztea helburu duen agindua sinatua du Putinek; eta, gainera, Errusiako presidenteak iragan larunbatean adierazi zuen aintzat hartzen ari dela Ukrainako herritar guztiei errusiar pasaportea emateko aukera. Eskaintza horiek Zelenskiren haserrea eragin dute, eta Ukrainako presidente hautatuak herenegun erantzun zion Facebook sare sozialaren bidez, presidentetzarako bozak irabazi eta astebete pasatu zenean: «Eskaintza horiek ez dituzte ukrainarrak limurtuko. Propaganda da». Ez zen soilik horretara mugatu, eta errusiarrei ukrainar herritartasuna emateko ideia jarri zuen mahai gainean —Kievek ez du nazionalitate bikoitza onartzen—.

Bi agintarien hartu-emana etengabea bilakatu da egunotan auzi horren inguruan, eta atzo Putinen txanda izan zen. Errusiarrak eta ukrainarrak «herri bakarra» direla argudiatuta, Errusiako presidenteak adierazi zuen Ukrainakoarekin ados jarri nahi duela, eta egunotako proposamenak beteko balira azkenean «herritartasun partekatua» izango luketela herritar horiek. Horrela argudiatu zuen: «Ukrainako errusiarrei herritartasuna ematen hasten badira, eta guk gure herritartasuna ematen badiegu Errusian dauden ukrainarrei, azkar lortuko dugu izendatzaile komuna, eta esperotako emaitza». Hau da, «herritartasun partekatua» izango luketela, eta hori «onuragarria» izango litzatekeela.

2014an Ukraina ekialdeko gatazka hasi zenetik, 400.000 lagunek eskuratu dute errusiar herritartasuna; Errusiak urte horretan anexionatu zuen Krimea penintsula, eta bertan bizi dira herritartasuna lortu dutenen gehienak.

Pasaporteetarako zentroa

Ukrainako Donbass eskualde historikoko herritarrek errusiar pasaportea eskatzeko aukera dute gaurdanik. Izan ere, Errusiaren mugan dagoen Rostov probintziako herri txiki batean ireki zuten atzo horiek jasotzeko lehen zentroa.

Ruslan Gaida Luhanskeko Migrazio Departamentuko buruzagiordeak eman zuen irekieraren berri: «Eskatzaileak berak hartu beharko du pasaportea, betiere gure kide errusiarren partetik baiezkoa jaso badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.