EBk espedientea irekiko dio Londresi, 'brexit'-erako ituna urratzeagatik

Bruselak hilabeteko epea eman dio Erresuma Batuari jokabidea zuzentzeko barne merkatuaren lege proiektuaren inguruan

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. JOHANNA GERON / POOL.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Luzeak eta korapilatsuak izaten ari dira Erresuma Batuaren etaEB Europako Batasunaren arteko harreman berria adosteko negoziazioak, eta desadostasun eta ikuspuntu kontrajarrien ondorio da atzo egindako urratsa. EBk jakinarazi zuen espedientea irekiko diola Erresuma Batuari, hark brexit-erako akordioa betetzeari uko egin diola iritzita;hilabete bateko epea eman dio egoera onbidera dezan. Aldeek ez badute lortzen ados jartzea, espedientea EBko Justizia Auzitegira helduko litzateke, eta hark izango luke auziaren inguruko azken hitza.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eman zuen Londresen kontra hartutako neurriaren berri: «Arau-hauste prozedura baten lehen urratsa da. Gutunak Erresuma Batuko Gobernuari gonbita egin dio bere oharrak hilabete bateko epean bidaltzeko. Bien bitartean, Europako Batzordeak gogor egingo du lan irteera akordioa osorik inplementatzeko».

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren gobernuak ziurtatu zuen errekerimenduari «behar den garaian» erantzungo diola, baina azpimarratu argi utzi zituztela Ipar Irlandarako protokoloaren inguruko aldaketak ezartzeko haien arrazoiak. «Segurtasun sare legal bat sortu behar dugu Erresuma Batuko barne merkatuaren osotasuna babesteko, ziurtatzeko ministroek bete ditzaketela Ipar Irlandan dituzten betebeharrak eta bake prozesuan lortutakoak babesteko».

Batasunak herenegun arteko epea emana zion Boris Johnsonen gobernuari Erresuma Batuko barne merkatuari buruzko lege proiektu berria zuzentzeko, baina Londresek ez du halakorik egin. Aldiz, Komunen Ganberak egitasmoa onartu zuen egun horretan bertan, eta bidea egiten jarraitzen du parlamentuan. Lehen ministroak gehiengo osoa duen ganberan, proposamenak aldeko 340 boto jaso zituen, eta kontrako 256.

EBren arabera, lege proiektu hori «onartezina» da, eta nazioarteko zuzenbidea urratuko luke. Von der Leyenek esan zuen Irteera Akordioan ezarritako «fede ona izateko betebeharra» hausten duela, eta ez datorrela bat Irlandako mugarako protokoloarekin. Legedi berriak brexit-erako akordioaren hainbat puntu urratuko lituzke, eta kolokan jarriko lituzke, batez ere, Ipar Irlandarako aurreikusitako neurriak; horien helburu nagusia zen ez itzultzea Irlandako Errepublikarekiko muga zurrunera, eta horrela Ostiral Santuko bake akordioari eustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.