Siria ipar-mendebaldean gerra krimenak egin dituztela salatu du AIk

Eskolak eta erietxeak bonbardatzea egotzi die erakundeak Errusiari eta Siriako Gobernuari. Erasoak aurtengo urte hasieran egin zituzten

Bonbek suntsitutako eraikin bat, Barixan. YAHYA NEMAH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
AI Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak aurtengo urtarrilean eta otsailean eskola eta erietxeen aurka egindako 18 erasoaldi zerrendatzen ditu Toki segururik ez guretzat txostenean. Siriako armadako eta Errusiako indarrek egindako bonbardaketak dira guztiak, Idliben, Alepo mendebaldean eta Hama ipar-mendebaldean kokatutako osasun arretarako guneen eta eskolen aurka. Ondorioz, martxoaren 5eko su-etena baino lehen milioi bat pertsona inguruk egin behar izan zuten ihes euren aterpeetatik; haietako asko desplazatuak ziren lehendik ere.

Erakundeak 74 lekukoren testigantzak jaso ditu txostenean; besteak beste, desplazatu, irakasle eta osasun langileenak. Horrez gain, airekoetako pilotuen arteko elkarrizketen grabazioak ere eskuratu ahal izan dituzte. «Grabazio horiek argi eta garbi frogatzen dute Errusiako militarrek esku hartu dutela legez kanpoko operazioetan», salatu du Heba Morayefek, AIko Ekialde Hurbilerako eta Afrika iparralderako arduradunak.

Idlibeko Osasun Zuzendaritzaren arabera, iazko abenduaren eta aurtengo otsailaren artean hamar erietxe suntsitu dituzte Idliben eta Alepon. Erasoaldien ondorioz, erietxeetatik bost itxi egin behar izan dituzte oposizioko indar armatuen kontrolpeko eremuetan. Urtarril amaieran horietako bat bonbardatu zuten, Arihako Al-Xami erietxea. «Ez nekien zer egin. Bonbek erietxe ondoko bi etxebizitza ere jo zituzten. Nire lagunak eta lankideak hil zituzten. Haurren oihuak entzuten nituen nonahi. Erreskate taldeek bi egun behar izan zituzten gorpuak hondakin artetik ateratzeko. 11 pertsona hil zituzten, eta 30etik gora zauritu», esan dio erasoalditik bizirik irten zen mediku batek erakundeari.

Eskolak ere bonben jomuga bilakatu dira urte hasieratik. AIren datuen arabera, 28 eskola bonbardatu dituzte urteko lehen bi hilabeteetan. Horietatik bitan barreiatze bonbak jaurti zituzten. «Barreiatze bonba bat lehertu zen nire oinaren ondoan. Izugarrizko oinazea nabaritu nuen. Nire ondoan zeuden bi ikasleetatik bat unean bertan hil zen. Bestea bizirik irten zen, mirariz», azaldu die irakasle batek ikuskatzaileei.

AIk ohartarazi du, gainera, uztailaren 10ean iraungiko dela NBEko Segurtasun Kontseiluak Idlibeko errefuxiatuentzat ezarritako giza laguntzarako korridorea, eta hura berritzeko eskatu dio nazioarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.