Etxebizitza eskubidea babesteko eskatu dute, eta kaleratzeak amaitzeko

Etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako plataformak salatu du egoera larria dela, eta premiazko neurriak exijitu ditu

Etxebizitza eskubidearen aldeko agerraldia, atzo, Gasteizen. INOR EZ ETXERIK GABE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako plataformak agerraldia egin zuen atzo Gasteizen, eta etxebizitzaren arloan «beharrezkoak diren premiazko neurriak» exijitu zituen: hala nola kaleratzeak gelditzea, etxebizitza eskubidea errespetatzea eta bizitzeko oinarrizko baliabideak bermatzea. Horretarako, dinamika berri bat aurkeztu zuten: Itzali azpijokoak, piztu eskubideak izenburupean. Gasteizko Udalak eta enpresek «lehenesten» duten hiri eredua salatu zuten: «Azpiegitura handiak eta luxuzko etxebizitzak eraikitzen jarraitu dute, oraindik etxerik ez duten bizilagunak dauden bitartean».

Etxebizitzaren inguruko egoera larria dela azpimarratu zuten, eta horri aurre egiteko hainbat neurri proposatu. «Gasteizen egunero urratzen da etxebizitza eskubidea». Halaber, gogoratu zuten egoera hori ez duela pandemiak eragin, eta osasun krisiak egoera bistaratu eta larriagotzea baino ez duela egin. «Erantzulea herritarron etxebizitza beharra baliatuz negozio egiten duen sistema da». Beharrezkotzat jo zuten etxebizitza eredua birpentsatzea, egungo sistema «espekulazioan eta negozioan» oinarritzen delako.

Horiek horrela, eskatu zuten kaleratzeak gelditzea, etxebizitza eskubidea errespetatzea, bizitzeko oinarrizkoak diren baliabideak bermatzea eta inor ez uztea «kale gorrian».

Ahal Dugu-k, berriz, eskaera egin zion atzo Nafarroako Gobernuari etxebizitzen alokairuen prezioak kontrolatu ditzan. Mikel Buil parlamentuko bozeramaileak azaldu zuenez, ez dute ezer berria eskatu, «programa akordioan bildutako neurriak besterik ez». 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean jar daitezen lan egin dezatela eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.