Pentsioen erreforma pasatu du Frantziako Gobernuak, zentsura mozioei izkin eginez

Asanblea Nazionalak Senatura bidali du gobernuaren lege proiektua. Oposizioak diputatuen lana oztopatzea egotzi dio lehen ministroari

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa, atzoko saioan. C. PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak lortu du nahi zuena: puntukako pentsioen erreformari buruzko lege proiektua pasarazi du, baina horri buruzko bozketarik gabe. Eskuinak eta ezkerreko hiru alderdik aurkezturiko zentsura mozioek ez zuten arrakastarik izan atzo, eta, emaitza horien ondorioz, testua zuzenean bidali zuten Senatura, lehen irakurketan; han adostasunik izango ez balitz, erreforma Asanblea Nazionalera itzuliko litzateke, eta gobernuak bozketarik gabe pasaraz lezake, atzo bezala konstituzioaren 49.3 artikulua erabilita.

Oposizioko indarrek zentsura mozioak aurkeztu zituzten arren, ez zuten arrakastarako aukerarik, Errepublika Martxan-ek (LREM) Asanblean duen gehiengoaren ondorioz; eta are gehiago kontuan hartuta Errepublikanoek (LR) ez zutela ezkerrekoen mozioaren alde bozkatu, eta Marine Le Penen diputatuek ez zutela LR-renaren alde egin. Hori bai, oposizioak aukera baliatu zuen diskurtso gogorrak egin, eta tentsio politikoa gehiago handitzeko; kanpoan, une berean, milaka herritar kalera atera ziren gobernuaren jokaldi politikoaren aurka egiteko. Diputatuen kontrapisu lana oztopatzen aritzea, hori izan zen gobernuaren aurkako kritika nagusia.

Edouard Philippe lehen ministroaren gobernuak garai oso konplikatuan egin behar izan die aurre zentsura mozioei: koronabirusagatik eta hil honetako 15eko eta 22ko udal hauteskundeengatik nabaria da tentsioa gobernuan, eta horri gehitu egin behar zaio Asanbleako talde parlamentarioaren sektore batek ez duela begi onez ikusi 49.3 artikulua erabili behar izatea.

Kasurako, herenegun bi diputatuk talde hori utzi izana; 2017ko bozetatik, hamasei ordezkari atera edota bota dituzte LREMtik, eta egungo kopurua 297an dago, gehiengo osotik zortzi diputatu gehiagora —MoDem aliatuarenak kontuan hartu gabe—. Macronen alderdian, kohesioa egongo da jokoan hilabeteotan.

Hasiera batean, puntukako pentsioen erreformari buruzko bozketa atzoko osoko bilkuran egin nahi zuen gobernuak, baina eztabaida luzatuz joan zen Asanblean, besteak beste oposizioak 41.000 zuzenketa aurkeztu zizkiolako. Gainera, iragan astera arte 117 bat ordu pasatu zituzten gai horretaz eztabaidan, eta «blokeo» hori hartu zuen argudiotzat lehen ministroak 49.3 artikuluaren erabilera azaltzeko.

Jean-Paul Lecoq diputatu komunistarentzat, artikulu horren erabilera gobernuaren «ahuleziaren erakuslea» da. Alde guztietatik jaso zituen kritikak Philippek: «Frantziarrak defendatu behar dira, eta ez kanpainan aritu», esan zion Damien Abad eskuindarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.