Gazako blokeoari bere hartan eusten dio Israelgo gobernu berriak

Hamasen kontrolpeko lurraldera ez da heltzen eraikuntza materialik. Soldadu israeldarrek emakume palestinar bat hil dute tiroz

Manifestari palestinar bat, herenegun, Betleemen. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Joan den igandeaz geroztik, eta hamabi urtean lehen aldiz, gobernu berria du Israelek, baina Naftali Bennett lehen ministroak bere hartan eutsi die palestinarrekiko politikei. Maiatzaren 24an Hamasek eta Israelgo orduko gobernuak su-etena hitzartu bazuten ere, eskualdeak itxita jarraitzen du. Tel Avivek ez du uzten hara eraikuntza materialik sartzen, eta herritarrek gero eta zailtasun handiagoak dituzte botikak eta oinarrizko bestelako gaiak eskuratzeko. Argindarra ere egunean ordu batzuetan soilik dute.

Bennettek, baina, baditu etxean nahikoa korapilo —Likudeko buru Benjamin Netanyahuk zentsura mozioa aurkeztu zuen atzo haren aurka—, Hamasen aurkako beste gerra bat bultzatzeko. Baina, aldi berean, koaliziokide duen eskuin muturraren eskariei ere erantzun behar die. Hala, atzo Gaza bonbardatzeko agindu zion armadari, bezperan Hamasek juduen Banderen martxa salatzeko jaurtitako suzko puxikei erantzunez.

Militarrek hiru misil jaurti zituzten Gazara. Haietako bi Maan inguruan erori ziren, Khan Yunis hegoaldean. Hirugarrena, berriz, Gaza hirian, maiatzeko bonbardaketek jotako eremuetako batean. Horrez gain, arratsaldean tankeak Gaza hegoaldean dagoen Rafah hirira sartu, eta nekazari palestinarren lurrak hondatu zituzten.

Bestalde, militarrek emakume bat hil zuten tiroz Zisjordaniako Ramallah hirian. Armadak zabaldutako informazioaren arabera, emakumezkoa hainbat soldadu harrapatzen saiatu zen bere ibilgailuarekin, eta ondoren labana batekin eraso zien. Osasun iturrien arabera, 29 urteko irakaslea zen hildako palestinarra.

Gose greba

Azken asteetan, atxiloketa administratiboak ugaritu egin ditu Tel Avivek: maiatzean, 200 pertsona atxilotu zituzten, aurreko hilabeteetan baino hiru aldiz gehiago. Atxiloketa modu horrek bidea ematen dio Israeli jendea kargurik aurkeztu gabe eta epaiketarik egin beharrik gabe espetxeratzeko, baita atxiloaldia nahi adina luzatzeko ere. Hori salatzeko gose greba hasi dute zazpi preso palestinarrek.

Addameer gobernuz kanpoko erakundearen datuen arabera, 5.300 preso politiko daude Israelen egun, eta horietatik 530 preso administratiboak dira. «Maiatzaren 24an eta 25ean soilik, 250 palestinar atxilotu zituzten Legea eta Ordena operazioaren barruan», salatu du erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.