Hong Kongeko hamar ekintzaileri, hemezortzi hilabetera arteko zigorrak

«Demokraziaren aldeko» mugimendukoei 2019an «baimendu gabeko bileretan» parte hartzea egotzi diete. Zazpi diputatu ohi daude tartean

Albert Ho diputatu ohia, atzo, auzitegitik atera ostean. JEROME FAVRE / EFE.
ander perez zala
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Hong Kongeko «demokraziaren aldeko»mugimenduko hamar ekintzaileri zortzi eta hemezortzi hilabete arteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete, 2019ko abuztuaren 18an eta 31n izandako manifestazioak antolatu eta horietan parte hartzeagatik —1,7 milioi lagun atera ziren kalera horietako protesta batean—. Espetxealdiak jaso dituztenen artean daudeApple Daily egunkariaren sortzaile Jimmy Lai, Alderdi Demokratikoaren fundatzaile eta Hong Kongeko Kontseilu Legegileko diputatu ohi Martin Lee eta abokatu eta parlamentari izandako Margaret Ng, baita beste bost legelari ohi ere.

Zigorrak ebatzi dituen epaile Amanda Woodcocken arabera, 2019ko abuztuaren 18ko manifestazioa baketsua izan zen arren, «bazen balizko indarkeriarako arriskua», eta, hortaz, «berehalako espetxeratzea zigor egokia» da. Urte hartan, protesta jendetsuak izan ziren estradizioei buruzko lege proiektuaren aurka, eta, azkenean, Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak hori bertan behera utzi behar izan zuen.

Erabaki horren aurrean, Txinak Segurtasun Legea sustatu zuen, eta, hori baliatuta, Hong Kongeko oposizioko hainbat ekintzaile atxilotu dituzte iaztik; iragan abenduan, esaterako, Joshua Wong ekintzaile eta mugimenduko kiderik ezagunena eta Agnes Chow eta Ivan Lam kideak atxilotu zituzten. Denera, 10.200 lagun inguru eraman dituzte atxilo 2019ko manifestazioengatik.

Aurten, berriz, Hong Kongeko boz sistema aldatu dute —abendura atzeratu dituzte—, eta, besteak beste, hautagaiak behartuko dituzte Txinari fideltasuna azaltzera horietan parte hartzeko; aldaketen berri izatean, Hong Kongeko oposizioko legelariek dimisioa emango zutela iragarri zuten.

Ngk, haren kontrako zigorren berri izan aurretik —hamabi hilabetekoa—, legea «auzitegietan, legealdietan eta kalean defendatu» behar dela adierazi zuen. Duen adinagatik (73 urte), diputatu ohiak ez du kartzelaldia bete beharko, eta epaileak erabaki bera hartu du Leerentzat —11koa—,Albert Horentzat —hamabikoa— eta Leung Yiu-chungentzat —zortzikoa—. Kartzela joan behar ez den arren, Hok atzo adierazi zuen espetxealdiak «harrigarriak eta erabat sinestezinak» direla.

Hamar ekintzaileetako batzuek hilaren hasieran adierazi zuten errudunak zirela egozten zizkieten delituetatik, baina beste batzuek esan zuten errugabeak zirela; halere, denei jakinarazi zieten zigorrak ezarriko zizkietela, eta horien berri atzo izan zuten. Epailearen arabera, «legea urratzeko erabaki kontzientea hartu» zuten: 2019ko udan ez zuten manifestatzeko baimenik jaso, soilik biltzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.