Zoramen kolektiboaren osteko dolua

Borrokara lotutako belaunaldi baten porrota islatu du Juan Gorostidik 'Zazpigarren heriotza' saiakeran. Ezkerrak dolua behar duela uste du
Bizikletan iritsi zen Juan Gorostidi atzo liburuaren aurkezpenera, lana besapean zeramala.
Bizikletan iritsi zen Juan Gorostidi atzo liburuaren aurkezpenera, lana besapean zeramala. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ander Perez -

2016ko uztailak 1
Errukirik gabe mintzo da Juan Gorostidiren ahotsa (Altza-Pasaia, Gipuzkoa, 1956), Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoaren pareten artean, sendo: «Gure belaunaldian mundua aldatzearekin amets egin genuenok eta konpromiso handiak hartu genituenok derrotatuak izan ginen». Gupida oro gordeta dihardu, porrota ongi mastekatu eta hartaz gogoetan ibili denaren hitz jarioaz. Ez ditu alferrik eman bost urte gaiari buruz gogoetan, gazte borrokalari garaien memoriari tiraka, egungoa ulertzeko. Liburu batean bildu ditu orain gogoetak. Eta nahiko luke, liburua bainoago, «erreminta kutxa» bat izatea, bizirik jarraitzeko, eztabaida piztuz. Atzo aurkeztu zuen Zazpigarren heriotza lana, Donostian, Inazio Mujika Ereingo editoreak eta Juan Kruz Igerabide idazleak lagunduta.

Aspaldikoak dira Gorostidiren kezkak, baina gertukoagoa da liburuaren abiapuntua, egun jakin bat: 2011ko urriaren 20a. Jardun armatuaren behin betiko bukaera iragarri du ETAk, eta ordura arte bizitakoaren kontakizuna egiteko bulkada sentitu du idazleak. «Orain, hitz egin dezaket». Hala, mila kilometrora bizi den alabari idatzi dio gutuna, ETAren erabakiak barrenean mugitutakoak azaleratzeko. Gero, «bortxaz» paratu du bere burua paper zuriaren aurrean, gutunari segida eman eta liburua osatzeko, bere buruari sinetsaraziz: «Ez zara jasoko lan hau bukatu arte».

Liburuaren lehen orrietan paratu du Gorostidik alabari idatzitako gutuna, edonork irakurtzeko moduan. Eta azaldu du horren garrantzia, transmisioarekin lotura duen heinean: «Bakoitzak badu istorio intransferible bat, eta gazteei zor diegu kontaera bat, ahalik eta zintzoena. Bestela, belaunaldien arteko etena gaindiezina bilakatzen da. Zaharrak nora ezean galtzen dira, eta gazteak amorruz eta arrazoi osoz oldartzen dira zaharren kontra. Gure ardura da esplikazio bat ematea: zergatik eta zertarako egin dugun egin duguna, eta zer dela-eta frakasatu dugun».

Pluralean mintzo da Gorostidi; bere izenean, baina kolektibo batez ari da. Belaunaldi oso batez, kasik. Francoren azken urteetan eta Francorik gabeko lehenengoetan borrokara engaiatu zirenez ari da, kolore askotako sigletan antolatu zirenez, testu teorikoetatik edan, utopia besarkatu eta iraultza atzapar puntekin uki zitekeela sinetsi zutenez. Juan Kruz Igerabidek «zoramen kolektiboa» esaten dion garaiaz.

Hain justu, sasoi horretako erretratua egin du Gorostidik liburuaren lehen zatian, errealitate hurbilenera, Errenteria inguruko eremura gerturatuz fokua. Orduko militanteen «politizazioa», bizitzako arlo oro politikoa zenaren sinesmena «eta kolektiboa eta subjektiboa» uztartzeko zailtasunetik eratorritako arazoak izan ditu hizpide lehen atal horretako kronikan. Bigarrenean, gogoeta saioa egin du, atzerako eta aurrerako begiradak tartekatuz.

Doluaren beharraz

Hamaika iturri, erreferentzia eta aipu baliatu ditu Gorostidik saiakera ontzeko. «Hitz larri eta potoloz beteta» dago liburua, baina bi ageri dira besteen gainetik, autoreak azaldu duenez. Barne erbestea da horietako bat, Gorostidik bere larruan bizia, atzo adierazi zuenez. Bestea, dolua.

Izan ere, garai bateko belaunaldi konprometituaren porrota onartu gabea dela uste du idazleak, eta, ondorioz, haren dolurik ez dela egin uste du. «Frakaso baten, heriotza baten, trauma baten ondoren, ukazioa izaten da defentsa mekanismorik larriena, lehen gertatzen dena, baina larriena: 'Hau ez zait niri gertatu, ez da posible'. Eta horretan gabiltza». Ukazioaren ostean, «depresioa» dator, Gorostidiren ustez. «Zuloa». Eta, dioenez, hor sortzen dira «eldarnioak».

Hainbat elementutara jo du autoreak hori azaltzeko. Gogoratu duenez, gerrara bidalia izan ez zen lehen belaunaldia izan zen hura, sekularizazioa bizi izan zuena, eta, lehen aldiz, aurre egin ziona gauzak aurretik emanda etortzeari, norbere etorkizuna eraikitzeko. «Ez geunden prest erronka horietarako», azaldu du, eta hortik porrota. Dioenez, modu «erradikalean» konprometitu baitziren gizarte eraldaketarekin, eta, haren hitzetan, «harresi baten kontra» jo zuten, bizitzan zerbaitekin modu erradikalean konprometitzen den orok jotzen duen pareta horrekin.

Egoeraren aurrean, heriotza baino ez da geratzen, Gorostidiren ustez. «Paretaren kontra ailegatzen denak eginkizun bat du, hiltzea, eta hurrengoak heriotza horrek ekarriko diona asumitzea». Heriotza sinbolikoaz ari da, pareta jo duen hura lurperatzeaz, doluaz. Galera onartu eta sufritzeaz, zerbait berri sortuko bada. «Zaila da, baina eginkizun bakarra da. Bitartean, jai dugu, gezurretan gabiltza geure buruarekin. Dolua bizitzen ez dugun bitartean, jai dugu, lege bat dagoelako: errepikapena».

Kolektiboa beharko du ehorzketak, eta kolektiboa samina. Baina Gorostidik jarri du bere alea. Bete du gazteekiko «mandatua» liburua eginda. Eta saiatu da gertatutakoaren azalpen bat eskaintzen: «Hori muturreraino bete gabe, gainontzeko guztia justifikazioak eta zaharren batailatxoak dira. Nik ez dut inor entretenitu nahi nire gazte garaiko batailatxoekin».

Horregatik, aurrerantzean, tresna gisa erabili nahiko luke lana, gazteekin solasaldiak prestatzeko. Izan ere, «diskurtsotik harago joaten» saiatu da autorea. «Horrek txundidura sor dezake, edo protesta, edo desadostasuna. Helburu hori daukat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna