Erroetara itzulitako «artisauak»

Kantuak sinpleago eta «finduta» ematera jo du Kalakanek 'Elementuak' diskoan.

Hamalau kantu biltzen ditu, tradizionalak zein berriak
Jamixel Bereau, Thierry Biskari eta Xan Errotabehere, atzo, Donostian, San Telmo museoan, diskoa aurkezten.
Jamixel Bereau, Thierry Biskari eta Xan Errotabehere, atzo, Donostian, San Telmo museoan, diskoa aurkezten. J.C. RUIZ / ARP

Juan Luis Zabala -

2015eko apirilak 15
Madonnaren MDNA nazioarteko biran parte hartu ondoren, orduan jasotako ospea baliatu eta 2013an asmo handiko disko bat grabatzea erabaki zuten Thierry Biskarik, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk, Kalakan taldea osatzen duten hiru musikariek. Baina ez ziren gustura sentitu ahalegin hartan: batetik, nekatuegiak zeuden biraren ostean; bestetik, jabetu ziren ikuspegi musikaletik hartu zuten bidea ez zela egokia. Presak alde batera utzita, bi urteko prozesu baten ondoren, planteamendu musikaletan «betiko erroetara» itzuliz osatu dute Elementuak diskoa (Txalap'art), hamalau kantuz osatua, tradizionalak batzuk, berriak besteak.

«Urtebete eman genuen alimaleko jet lag batean», adierazi du Jamixel Bereauk, MDNA biran egindako lana gogoratuz. Zazpi hilabetez 88 emanalditan parte hartu zuten Madonnarekin, tartean oso bidaia luzeak eginez. Horrez gainera, diskoa grabatzeko 2013ko lehen ahalegin handinahi hartan, kantuetan «ahots gehixeago eta musika tresna gehixeago» sartzen hasi ziren, kantuak modu konplexuagoan lantzen, Bereauk dioenez, eta emaitza ez zuten gustuko izan. «Jabetu ginen kantu haiek ezin izango genituela zuzenean eman hirurok, musikari gehiagoren laguntzarik gabe». Okerreko bidetik zebiltzala iritzita, erabaki zuten disko berriaren planteamendua errotik aldatzea: batetik, presarik gabe egitea erabaki zuten; bestetik, taldearen betiko izaerara itzultzea, kantuak sinpleago eginez, konplexuagoa egin beharrean «fintzen» ahaleginduz. Bereau arduratu da batez ere horretaz, kantuen moldatzaile lanetan.

Gaur egun «artisauak» direla ohartuak dira Kalakaneko kideak, Biskarik adierazi duenez. Ideia hori berenganaturik grabatu dute Elementuak diskoa, eta halaxe egingo dute lan aurrerantzean ere. Horrez gain, xehetasunak zaintzearen garrantziaz jabetzeko aukera ere eman die Madonnarekin izandako esperientziak.

Bereterretxen kantorea, Ikusten duzu goizean, Montebideoko berriak eta halako kantu tradizionalen ondoan —horietako bi aurreko diskoan ere grabatuak, nahiz eta orain beste molde batez emanak izan: Kantuz eta Sagarra jo!—, Pierre Bordazarre Etxahun Iruri-ren Ama Euskadi eta Lo hadi aingüria aurkituko ditu entzuleak diskoan, baina baita taldeko kideek sortutako doinu berriak ere. Hiru taldekideen ahotsez gain, askotariko perkusio tresnak entzuten dira diskoan —txalaparta barne—, albokaz, txirulaz eta organo indianoaz gain.

Hitzen gaurkotasuna

Hautatu dituzten kantu zaharrak «oihartzun bat» dutelako hautatu dituzte, «lotura bat gure garaiarekin, gaur egun bizi dugunarekin», Bereauk azaldu duenez. «Bereterretxen kantorea-k, adibidez, XV. mendeko istorio bat kontatzen du, baina gaurkotasun osoa du 2015ean ere, gaur ere badirelako, zoritxarrez, halako dramak eta istorio gogorrak». Montebideoko berriak kantuak herritik kanpora joandakoen gaia jorratzen du, adieraziz joandakoek beti izango dutela lekurik sorterrian itzultzea erabakiz gero. MDNA bira izan zen abentura handiaren ondoko itzulerarekin ere izan dezake loturarik kantuak, Bereauren arabera.

Diskoa ez da dendetan salgai izango, eta oraingoz taldeak egiten dituen zuzeneko emanaldietan baino ezin izango da erosi. «Kontzertuetan diskoa erosten duen jendeak ez du soilik diskoa erosi nahi», azaldu du Biskarik, hautu hori zergatik egin duten argudiatzeko. «Jakin nahi du zerbait jotzen ditugun danborren edo gainerako tresnen inguruan, edo kantuen inguruan bestela, eta galderak egiten ditu. Maite dugu harreman hori». Nolanahi ere, litekeena da aurrerago taldearen webgunean (kalakan.fr) jartzea salgai.

EMANALDIAK

Apirilak 24: Bilbon, Campos antzokian (On taldearekin, Loraldian).

Maiatzak 10. Senperen (Herri Urrats).

Maiatzak 16: Zumarragan, Antio auzoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna