Alkorta: «Irregularra izan da denboraldia; hurrengoa hobea izatea espero dut»

Athleticeko kirol zuzendariak aitortu du arantza sartua dutela Europara ez sailkatzeagatik. Taldeak ez du asmorik jokalariak kanpotik fitxatzeko

Rafa Alkorta Athleticeko kirol zuzendaria, atzo, prentsaurrekoan. ATHLETIC.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Rafa Alkorta Athleticeko kirol zuzendariak hitz gutxitan laburbildu zuen atzo hedabideen aurrean nolakoa izan den taldearen aurtengo denboraldia: «Irregularra izan da. Ondo hasi genuen liga, eta Europarako postuen lehian ibili ginen. Itxialdiaren ondoren, bi jardunaldi pasatuta, zazpigarren postuan geunden, baina ez dugu guk nahiko genukeen bezala amaitu». Azaldu zuenez, Leganesen aurka galdutako partidaren ondoren, taldeak beheraldia izan zuen. «Europa gertu izan dugu, baina bidean puntu askok egin digute ihes, eta ez dugu behar bezala errematatu». Bigarren urtez Europatik at geratu da Athletic.

Alkortak ez zuen ezkutatu jokalariek zelaian «gehiago» egin zezaketela; erasoan, zehazki. «Golak sartzeko gabezia izan dugu, eta hori zenbakietan ikusi da». Hain zuzen, denboraldi osoan 41 gol sartu dituzte, eta ligako hamahirugarrenak izan dira alor horretan. Defentsan, baina, «sendo» aritu direla esan zuen: «Talderik indartsuenen aurka ondo aritu gara, eta gol gutxi sartu dizkigute [38 guztira; ligako bosgarrena]». Datorren sasoiari begira, «baikor» dago: «Espero dut bosgarren, seigarren edota zazpigarren postua lortzeko borrokan ibiliko garela».

Espainiako Kopako finalari azpimarra berezia egin zion Athleticeko kirol zuzendariak: «Merezimendu osoz gaude finalean, aurkari indartsuak garaituta. Bartzelona ahalguztiduna, esaterako». Lorpen horretan, Gaizka Garitano entrenatzaileak egindako lanari balioa eman zion: «Egoera zail batean hartu zuen entrenatzailearen kargua, eta ordutik egin duena aintzat hartu behar dugu. Harengan sinesten dugu, eta garbi dugu hura dela taldearentzako gidaritzarik onena». Garitanok ekainean berritu zuen beste denboraldi baterako kontratua Athleticekin.

Udako merkatuaz garbi mintzatu zen: «Oraingoz, kanpotik jokalariak fitxatzeko asmorik ez dugu. Harrobiari begiratu behar diogu, horrek elikatzen baitu taldea». Martin Merquelanz Realeko jokalariaren inguruan ez zuen aipamen berezirik egin. Alkortaren esanetan, etorkizunera begira, Beñat Etxebarriak, Mikel San Josek eta Ariz Adurizek utzi duten hutsunea Athleticeko bigarren taldetik eta Baskoniatik igotako jokalariekin betetzen saiatuko dira.

Athletic utzi nahi duena, bestalde, Iago Herrerin da. Alkortak adierazi zuenez, atezainak urtarrilean jakinarazi zion ez zuela taldean jarraitu nahi. «Herrerini irteera erraztuko diogu, baldin eta taxuzko eskaintzaren bat jasotzen badugu. 2021era arte du kontratua, eta klausula ez dauka nolanahikoa». 50 milioi euro.

Pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, Athleticek defizit «handia» izan du, Alkortaren arabera. Taldeak ekonomikoki galerak izango dituen arren, «arazorik ez du izango» jokalarien soldatak ordaintzeko.

Harrobiaren azpimarra

Zuri-gorriek abuztuaren 10ean hasiko dute denboraldi-aurrea. Alkortak jakinarazi zuenez, azken sasoian utzita aritu diren jokalari guztiak lehen taldearekin entrenatzen hasiko dira, baita bigarren taldeko bost jokalari ere: Dani Vivian, Unai Vencedor, Jesus Areso, Jon Morcillo eta Oier Zarraga. Gazteek taldean egingo duten ekarpenarekin «itxaropentsu» agertu zen.

Bestalde, joan den astean Athleticek eta Antiguokok 2030era arte sinatu zuten hitzarmenaren inguruan, «harro» sentitu zen. «Euskal Herriko harrobiko talderik onena da Antiguoko. Elkarri asko lagunduko diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.