'Epizentroa' eta 'Reggaean jarrai' aukeratu dituzte BERRIAko kulturazaleek

BERRIAren irakurleek iazko liburu eta disko uztatik gogokoenak hautatu dituzte. Hogei opari txartel zozkatu dira parte hartzaileen artean

GORKA RUBIO / @FOKU.
Erredakzioa
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
1.019 irakurlek euren gogoko sorkuntzak aukeratu dituzte, eta oso zabalduta gelditu dira eman dituzten botoak. Zale bakoitzak gehienez hiru liburu eta hiru disko aukera zitzakeen botoa ematerakoan, eta gutxienez lan bat. 212 liburuk jaso dute boto bat gutxienez, eta 124 diskok.

Nabarmendutako liburuen artean, Nerea Loiolaren Epizentroa narrazio bildumak jaso ditu boto gehien: 83. Haren segidan, 58 jaso ditu Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala nobelak, eta 55 Linton Kwesi Johnsonen Askatasuna kontu serioa da poema antologiak; Beñat Gabiñak euskaratu du.

Liburuekin jarraituta, beste bi lan nabarmendu dituzte: Alaine Agirreren Karena nobelak 44 boto jaso ditu, eta Ane Labakaren Algara mutilatuak. Umorearen aho bikotasunaz, feminismotik saiakerak, 42. Boto gehien jaso dituzten bost lanetatik lau emakumeek idatzitakoak dira, beraz.

Diskoen artetik, berriz, Reggaean jarrai. Euskal folklore jamaikarra bilduma (73 boto) eta Olatz Salvadorren Aho uhal (72 boto) nabarmendu dira. Amak taldearen lehen diskoak ere (Amak) harrera beroa izan du, 65 boto jaso ditu. Horien atzetik, Zea Maysen Adore gelditu da, 55 gogoko boto jasota, eta, pare-parean, Anariren Orain entzungo duzun hau..., 53 boto jasota.

BERRIAk Durangoko Azoka hasi bezperan jarri zuen ikusgai urteko liburu eta disko sorkuntzaren ataria. Euskaraz sortutako obrei ikusgaitasuna emateko eta kulturazaleei urteko produkzioa erraz kontsultatzeko tresna bat izan nahi du atariak; 2020an jarri zen martxan, eta aurten euren sorkuntzarik gogokoenak aukeratu ahal izan dituzte.

Parte hartzaileen artean, Elkarren hogei opari txartel zozkatu ditu BERRIAk, hogei eurorenak. Irabazleen zerrenda Berria.eus webgunean dago argitaratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.