Thalay Sagar, helburu berria

Alex Txikon, Ekaitz Maiz, Txus Lizarraga, Felix Criado eta Daniele Nardi Indian dira, Thalay Sagar (6.904 metro) igotzeko asmoz
Txikon —eskuineko lehena— eta espediziokideak, Indian.
Txikon —eskuineko lehena— eta espediziokideak, Indian. ALEX TXIKON

Unai Ugartemendia -

2015eko irailak 8
Ez da geldirik egotekoa Alex Txikon (Lemoa, 1981). Iragan neguan Nanga Parbaterako saioa bertan behera utzi behar izan zuen; oraingoan, Thalay Sagarreko iparreko igoera aukeratu du udako espedizio gisa. Abuztuaren 22an ekin zion espedizioari, eta ez da bakarrik joan. Espediziokide ditu, besteak beste, Txus Lizarraga, Adrian Legarra eta Ekaitz Maiz euskaldunak, Felix Criado galiziarra eta Daniele Nardi italiarra. Maiz eta Nardi izanak dira Txikonen sokalagun.

Thalay Sagar Himalaiako Garhwal mendebaldarreko tontor bat da, India iparraldeko Uttarakhand estatuan. Thalay Sagar Gangotri multzoaren barruan dago, izen bereko glaziarraren inguruan altxatzen diren mendietako bat baita. Kedarnath (6.940 metro) izenekoaren atzetik, Gangotri multzoko bigarren gailurra da. Guztietan deigarriena da, ordea: izotz eta haitzezko piramide erakargarria, oso malkartsua da alde guztietan eta, horrenbestez, bereziki tentagarria hormatzarretan aritzen diren eskalatzaileentzat.

Kapsula estiloan

Espedizioaren helburua Thalay Sagar mendiaren ipar horma eskalatzea da, kapsula estiloan: horman gora beharrezko material guztia kargatuta egitea (sokak, janaria, arropa...).

Txikon ilusioz gainezka abiatu da: «Zortzimilakoetatik apur batez urrundu eta mendiaz gozatzeko beste modu batera hurbiltzea gauza erakargarria da». Espediziokide berriak, leku ezezaguna... ez du espedizioen antz handirik.

Denbora izango da, Txikonen iritziz, etsairik handiena, «abuztu amaieran bukatzen baita hemen eurite garaia, eta irailaren azken hondarretan hasiko baitira lehen elurteak». Hormara hurbiltzeko lanean ari dira egunotan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna