Oskar Alegriaren 'Zumiriki'-k zabalduko du 14. Ikuspuntu jaialdia

Martxoaren 2tik 7ra izango da, Iruñean. Itsasoaren ideiak ardaztuko du. Alemaniako eta Txileko lau emakume zinemagile omenduko dituzte

Atzo aurkeztu zituzten Ikuspuntu jaialdiaren lehen xehetasunak, Iruñean. BERRIA.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Itsasoa. Hori da hurrengo Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia zeharkatuko duen kontzeptu nagusia. «Zinema dokumentalean asko erretratatu den paisaia baita», Garbiñe Ortega zuzendari artistikoaren hitzetan. Martxoaren 2tik 7ra egingo dute jaialdia, Iruñean, eta hamalaugarren aldia izango du. Oskar Alegria zinemagile nafarraren Zumiriki lanak irekiko du festibala. Ortega «pozik» agertu da lan hori jaialdian izateagatik, besteak beste, Alegria jaialdiaren zuzendari artistikoa izan zelako haren aurretik. «Oso berezia izango da», adierazi du.

Jaialdiaren irudia itsasoarekin lotuta dago. Dani Sanchis da sortzailea, eta hiru karteletan irudikatu ditu «urdina pultsio gisa; ozeano berreraiki eta aztoratua; eta edertasun natural zatikatua». Itsasoarekin erlazionatuta dago historiari lotutako atzera begirakoa ere. Erika Balsomen An Oceanic Feelling saiakeratik abiatuta, itsasoak zinemaren historian izan duen tokia aztertuko dute atal horretan, sei filmen bitartez.

Atzera begirako garaikidean, berriz, lau emakume zinemagileren lanak emango dituzte: Ute Aurand, Renate Sami eta Helga Fanderl alemaniarrenak, eta Jeannete Muñoz txiletarrarenak. Haien «erretratu» izango den liburu bat ere argitaratuko dute, hainbat zinemagile, idazle eta akademikoren idatziekin. Lehen aldia da talde bati eskaintzen diotena tarte hori; baina, Ortegak azaldu duenez, nabarmendu nahi izan dute sortzaile horiek kolaborazioak egin dituztela. «Horien bitartez erakutsi nahi dugu zineman elkarri laguntzen diogula».

Ospakizun bat ere izango du jaialdiak: X Films proiektuaren hamargarren urteurrena. Programa irabazi duten pelikulak proiektatuko dituzte, eta iazko edizioa irabazi zuena ere aurkeztuko dute: Maddi Barberren Rojo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.