Mendes eta Tarantino izan dira garaile nagusiak Urrezko Globoetan

Hiru globo jaso ditu 'Once Upon a Time in Hollywood'-ek. Zuzendari eta drama onenari sariak, berriz, '1917'-k. 'The Irishman'-ek, ezer ere ez

Sam Mendes, atzo, zuzendari onenari eta drama onenari sariak jaso berritan. EFE.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Martin Scorseseren The Irishman izan da galtzaile nagusia77. Urrezko Globoen galan: bost sailetan zen hautagai —drama onenari, gidoi onenari, zuzendari onenari eta taldeko aktore onenari dagozkien sarietan—, baina bakarrean ere ez dute saritu. Sam Mendesek Lehen Mundu Gerran girotu duen 1917 filmak jaso ditu drama onenaren eta zuzendari onenaren sariak; eta Quentin Tarantinoren Once upon a time in Hollywood-ek gidoi onenari, komedia onenari eta taldeko gizonezko aktore onenari emandakoak —Brad Pittek jaso du azken hori—. Izendapen gehien zuen filmak, Noah Baumbachen A Marriage Story-k, sari bakarra jaso du: Laura Dernek irabazi du taldeko emakumezko aktore onenari emaniko saria.

Hollywooden lan egiten duten kazetariek osatutako atzerriko prentsaren elkarteak ematen ditu Urrezko Globoak, eta Oscar sarien aurreko zinema gala handia da. Igande gauean hasi zen sari banaketa festa, eta sorpresa gutxi izan zen bertan, Scorseseren sari gabezia erabatekoaz gain. Atzerri hizkuntzan filmatutako lan onenaren saria, esaterako, Bong Joon-Ho korearraren Parasite-k jaso zuen, eta Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma irabazita dator lan hori. Gizonezko aktore nagusi onenaren saria, berriz, Joaquin Phoenixek jaso zuen, Joker filmean egindako lanagatik; emakumezko aktore nagusi onenari emaniko saria, Renee Zellwegerrek, Judy-n jokatutako rolagatik. Chris Butlerren Missing Link-ek irabazi du animazio lan onenaren saria; eta Hildur Gudnadottirrek, azkenik, soinu banda onenarena, Joker-engatik.

Netflixen porrota

Zinema eta telebista arloko sariak dira Urrezko Globoak, eta Netflix plataformak 34 izendapen zituen aurten, guztira. Bi besterik ez du lortu, baina: bat zineman eta bestea telebistan. Ohiko telebista kateen ekoizpenentzat izan dira sari nagusiak: telesail dramatiko onenarena, Sucession-entzat; komedia telesail onenarena, Fleabag-entzat; eta telesail labur onenarena, Chernobyl-entzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.