Bauhaus eskolaren lekuko isildua

Lucia Moholy argazkilariaren lanak bildu ditu San Telmo museoak. Alemaniako eskola abangoardista jaso zuen bere argazkitan

Suitzako Fotostiftung Schweiz zentrotik ekarri dituzte Donostiara Lucia Moholyren 48 argazkiak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Lucia Moholy Lucia Schulz izenez jaio zen, 1894an, Pragan, eta, Laszlo Moholy-Nagyrekin ezkonduta zortzi urte baino eman ez bazituen ere, haren abizenarekin iritsi da guregana. Haren abizenak estalia. Hura arduratu zen Bauhaus arte, diseinu eta arkitektura eskola abangoardistaren nondik norakoak kamerarekin hartu eta munduari erakusteaz, eta, halere, ez krediturik eta ez aitortzarik; ahaztua izan zen luzaroan. XX.mendeko arte mugimendu esanguratsuenetako baten lekuko isildua da. Orain, azken urteetan hainbat museok egindakoaren bidetik, ahanzturatik atera nahi du haren figura Donostiako San Telmo museoak, Lucia Moholy ehun urte ondoren erakusketarekin. Argazkilariaren 48 argazki bildu dituzte, eta haren biografiarekin batera erakusgai jarri. «Historia zuzentzeko» ahalegin bat, Maria Millan komisarioaren hitzetan.

Erakusketako 48 lanen artean, hiru bereizi dituzte, eta sarreran jarri, gainerakoetatik aparte samar. Nelly van Doesburg dadaismoaren ikurraren erretratu bat da lehenengoa, Marcel Breuer diseinatzailearen mahai eta aulki baten argazkia bigarrena, eta Dessauko (Alemania) Bauhaus eskolako eraikinaren irudia hirugarrena. Hiru lagin, erakusketan aurkitu daitekeena iragartzekoeta, bide batez, Moholyren lanaren elementu nagusiak aurkezteko. Argazkilari gisa, finean, hiru arlo horiek landu baitzituen bereziki: erretratuak, objektuen argazkiak, eta arkitektura argazkiak.

Horiek dira, hain justu, San Telmo museoko erakusketan atzotik urtarrilaren 22ra bitartean ikusi ahal izango direnak. Parez pare dauden bi pareta luzetan, Bauhaus eskolako hainbat eraikinetako txokoak ikus daitezke, sukalde, egongelak eta tailerrak. Balio handiko obrak dira Moholyk arkitekturari eskainitakoak. Izan ere, Millanen hitzetan, ordura arteko formekin apurtu zuen argazkilariak, eraikinak erretratatzeko kamera planoak eta angeluak «esajeratuz», eta, ondorioz, «begiratzeko era berri bat» martxan jarriz. Zeru estalia ageri da eraikinen argazki gehienen gainean, eta ez da oharkabeko detailea: «Zeru lainotu baten azpiko negatiboaren esposizioaren bidez, zehatz-mehatz lortzen zuen argi eta itzal espektro osoa».

Erretratuak ere asko dira, eta Moholyren argazkilaritzaren balioaren erakusgarri izateaz gain, garai eta arte mugimendu garrantzitsu baten lekuko ere badira. Bauhaus eskolan hartutakoak dira gehienak, eta han ageri dira, besteak beste, Vasili Kandinski, Theo van Doesburg eta Paul Klee pintoreak, Franz Roh argazkilaria, Anni Albers ehun-artista eta Clara Zetkin buruzagi komunista eta feminista. «Hondo neutrala» erabili zuen Moholyk bere erretratu gehienetan, pertsonen informazioa ematea ekidinez, eta distortsio optikoak baliatu zituen, «abstrakziotik hurbil» dauden konposizioak ontzeko.

Objektuak ere ageri dira erakusketan, neurri apalagoan. Bauhauseko diseinatzaileek egindako tresnak dira gehienbat, lanparak edo teontziak, adibidez. Gainera, autoreak Jugoslaviara egindako bidaian ateratako bost argazki ere badaude ikusgai. 18x24 zentimetroko kamerarekin eta kristalezko negatiboekin egindako argazkiak dira erakusgai daudenak.

Lehen lerrotik alboratua

Lehen aldiz, 1915ean heldu zion Moholyk argazkilaritzari, eta urtehori baliatu du San Telmo museoak erakusketari izena jartzeko. Pragan jaio bazen ere, Alemaniara aldatu zen gazte zelarik, eta han abiatu zuen bere ibilbidea, idazle eta editore gisara hasieran. 1921ean ezkondu zen Laszlo Moholy-Nagyrekin, eta harekin argitaratu zuen hurrengo urtean Produktion-Reproduktion izeneko artikulu esanguratsua. Argazkilaritzak, errealitatea islatzeaz gain, izan zezakeen funtzio artistikoaz hausnartu zuten han. Walter Gropius Bauhaus eskolako zuzendariak gonbidatuta hasi ziren biak zentroan lanean. Orduan hasi zen Lucia Moholy hango giroak, artistak eta prozesuak kamerarekin harrapatzen.

Gropiusen zuzendaritzapean, bere jardunari buruzko hamalau liburu kaleratu zituen Bauhausek, eta, horietarako argazkiak egiteaz gain, editore lanak ere egin zituen Moholyk. Gainera, eskolak bere burua iragartzeko egin zituen kartel eta aldizkari askok haren irudiak zeramatzaten. Salbuespenak salbuespen, ez zen horietan, ez afixa ez liburuetan, haren izenik ageri. Are gehiago: 1938an, New Yorkeko MOMAk Bauhausi buruzko erakusketa bat antolatu zuen, eta Moholyren argazkiak erabili zituzten eskolako obren berri emateko. Ez zuten, ordea, Moholyren lanik aitortu.

1933an, Alemanian hedatzen hasia zen giro politiko itogarria zela medio, eta ordurako Laszlo Moholy-Nagyrengandik dibortziatua, Londresera egin zuen salto argazkilariak. Atzean utzi zituen bere negatibo preziatuenak.

Ingalaterran, goi mailako aristokrata eta intelektualen argazkiak eginez iraun zuen, baina 1939an utzi zuen argazkilari lana, A Hundred Years of Photography liburu arrakastatsuan buru-belarri aritzeko. Argazkilaritzaren aurrerapen teknikoak azaltzeaz gain, argazkigintzaren eragin kultural eta soziala aztertu zuen, xehe-xede.

1959an, Suitzako Zurichera joan zen bizitzera, eta bi hamarkada lehenago, Berlin uztean, atzean utzitako obrak berreskuratzeko lanari ekin zion, epaitegiz epaitegi ibilita. 1970eko hamarkadan eskuratu zuen haren lanaren zati bat, eta nolabait aitortua ere izan zen haren ekarpena, hil aurreko urteetan. 1989an zendu zen, 95 urte zituela.

Horietatik 15 baino ez zituen eman argazkilaritzan, baina, hala ere, esanguratsua izan zen haren ekarpena, San Telmo museoak orain aitortu duenez: «Ikuspegi berritzaileak eta haren irudien konposizio dramatikoek piktorialismoaren hizkuntza urratu zuten, eta gizakiaren figurari eta haren inguruneari begiratzeko modu modernoa txertatu zuten». Agian ez da beranduegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.