Ilaski Serrano. ETBko aurkezlea

«Ikus-entzule aktibo bat behar dugu»

Maiatzaren 18an hasi zen ETB1en 'Berben lapikoa' saioa, eta Serranok ohartarazi du sei asterako proiektu bat dela. Aitortu du eroso sentitzen dela hurbileko elkarrizketak egiten.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Konfinamendua hasi zenean, zenbait egun «triste» pasatu zituen Ilaski Serranok (Bermeo, Bizkaia, 1976). Baina beste aldarte batekin dago orain, Donostiako Tabakaleran Berben lapikoa gidatzen.

Txoko gozo eta atseginean zaudete elkarrizketak egiteko.

Bai, eskertzen da tokiaren gozotasuna. Jendea borondate onenarekin etortzen da. Saiatzen ari gara egunotan bizi izandakoetatik abiatzen elkarrizketak, bakoitza bere esparruan nola moldatu den. Tokiak laguntzen du; oso egoera intimoan gaude. Begietara asko begiratzen dugu. Lan egiteko era honek uzten du hurbiltasunerako tarte bat. Gozatzen nabil.

Formatu honetan gero eta erosoago zaudela sentitzen duzu?

Eroso sentitzen naiz elkarrizketak egiten, betidanik. Konturatu naiz elkarrizketa dela zerbait hasiera-hasieratik egin dudana, irratian lehen egunetik elkarrizketak egiten hasi nintzelako. Asetzen nau, eta interesatzen zait jendeak kontatzeko daukana. Elkarrizketen kontsumitzaile naiz neu ere, telebistan, irratian zein prentsa idatzian. Generoak asko exijitzen du, baina ondo ateratzen denean satisfazio handia ematen du. Egia da niri zuzenekoak asko gustatzen zaizkidala, baina hurbiltasun honek konpentsatzen du beste guztia.

Ardura handiak dituen norbait saiora etortzen denean, estutasunean jarriko duzu?

Ez naiz elkarrizketatuak estutasunean jartzeko hautagaietako bat. Kultur sortzaileekin nabil, herrigintzako jendearekin, eta ez daukat beharrizanik inor estutasunean jartzeko. Sentitzen dut partekatzen dudala gonbidatuaren proiektua. Sentitzen dut neurea dela bide bat, zubi lan bat, bitartekari bat.

Konfinamendu garaian asko zabaldu ziren telebistetan Skype bidezko elkarrizketak. Askoz aberasgarriagoa da aurrez aurre elkarrizketa bat egitea, ezta?

Aurrez aurreko elkarrizketaren parekorik ez dago, elkarri begiratzen diogulako, eta keinuren bat egiten badizu lagun diezaiokezulako, eta gustura badago igartzen duzulako. Bizitza ez da elkarrizketa bat edo klase bat. Onena da elkarrizketaren aurretik eta ondoren gertatzen dena. Laguntasuna tarte horietan egiten da; bizitza hori da. Kantu bat entzun ahal dut Internet bidez, baina ez du zuzenekoak duen energia eta magia .

Noiz izaten duzu susmoa elkarrizketa batek funtzionatu duela eta noiz ez?

Kontua ez da funtzionatu edo ez funtzionatu. Hau eguneroko formatu bat da; egunean lau elkarrizketatu daude... Zenbaitetan saiatzen naiz elkarrizketatuaren inguruan ahalik eta gehien jakiten, baina, beste bide bat hartzen badu, ikasi dut lasaitzen. Agian elkarrizketatuak eramaten nauen bidea politagoa da. Gustatzen zait bakoitzak kontatzen duenari jarraika ibiltzea.

Ahoz aho saioan ehunka elkarrizketa egin zenituen. Zer balantze egiten duzu saioaz?

Neuretzat Ahoz aho irakaspen bat izan da. Oso eroso sentitzen naiz molde horretan. Eta ikusi dut gertukoek errekonozitzen nautela formatu horretan.

Baina penaz zaude, Ahoz aho amaitu delako?

Ez dakigu amaitu den ala ez. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Testuingurua egunetik egunera aldatu ahal da.

Ikusle datuei erreparatu gabe jokatu beharko luke euskarazko telebista publikoak?

Ikusle datuena tranpa bat da. Berben lapikoa arratsaldeko lauretan botatzen da, arreta eskatzen du, hizkuntza menperatzea eskatzen du, eta ikuslearen ahalegina eskatzen du. Segur aski ez da berez mundu guztiarengana iristeko moduko produktu bat. Iritsiko da interesa duen jendearengana. Ikusle aktibo bat behar dugu; abia gaitezen horretatik: ikusle aktiboari eman hau ere.

Azkeneko asteetan Kulturunea saioko kontzertuak aurkezten ere ari zara. Gustura horiekin?

Bai, beharrizan bat ikusten zen. Kezka dago ea musikarekin zer gertatuko den. Leiho bat zabaltze aldera sortu da Kulturunea, eta oso inplikatuta gaude lantalde osoa. Baliabide tekniko asko jarri dira saiorako, eta iruditzen zait oso produktu polita dela. Hunkigarria, tristea —antzokia hutsik dagoelako— eta polita izaten ari da, hirurak aldi berean. Balio dezala konturatzeko zenbat zaindu behar dugun daukaguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.