Iban Arantzabal. Tokikomeko presidentea

«Eraginkorra da tokiko hedabideetan publizitatea egitea»

Pandemia hasieratik Eusko Jaurlaritzak ez du publizitaterik egin tokiko hedabideetan. Tokikomeko presidente Arantzabalen ustez, zerbitzu ona eskaintzen dute tokiko hedabideek, eta aintzat hartu behar da.

TOKIKOM.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Hedabideek inoiz baino beharrezkoago izan dute publizitatea pandemia egoeran bizirik irauteko. Hedabide guztietara, ordea, ez da berdin iritsi publizitatea. Pandemia sortu zenetik, osasun egoeraren inguruko publizitaterik ez baitu egin Jaurlaritzak tokiko hedabideetan. Iban Arantzabal (Elgeta, Gipuzkoa, 1974) Tokikom tokiko komunikabideen sareko presidentearen hitzetan, «arraroa» izan da erabakia.

Eusko Jaurlaritzak azken hilabetetan ez du osasun neurrien inguruko publizitaterik egin tokiko hedabideetan. Nola hartu duzue hori?

Ez da osasun neurriena bakarrik kontua; arraroa ere egiten zaigu osasun neurrien inguruko publizitatea ez egitea tokiko hedabidetan, tokiko hedabideak heldu direlako gehien herritarrengana pandemian. Ez da hori bakarrik, bestela ere badirudi eskean gabiltzala, eta ez da hori kontua. Eskaintza bat egiten du Tokikomeko hedabide bakoitzak.

Zer eskaintzen du Tokikomek?

Tokikom osatzen dugun hedabideetan publizitatea egitea oso eraginkorra da, eta ez gaude laguntza gehiago eskatzen honekin. Zerbitzu ona eskaintzen dugu, eta datuek hori diote. Datuak begiratuta egin beharreko kudeaketa ona dela entzuten eta entzuten gabiltza, baita erakundeei ere, eta datuek esaten dute tokiko hedabidetan publizitatea egitea eraginkorra dela.

Nola erakutsi daiteke hori?

Pandemia garaian, Errioxako gobernuak gehiago sinistu du tokikoek daukagun irisgarritasunean, eta diru gehiago inbertitu du publizitatean Gasteizkoak baino.Ikuspuntu hori zabaldu nahi dugu. Errioxako Gobernua ere enteratu bada gurean egitea eraginkorra dela, seguru nago Jaurlaritzak antzera pentsatzeko arrazoiak ere badituela. Eta berdin Nafarroako Gobernuak edo Iparraldeko erakundeek.

Nafarroako Gobernua aipatu duzu. Harremana baduzue?

Bai, Nafarroako Gobernuarekin ere harreman ona dago, Euskarabidearekin. Seguruenik, hainbat pauso emateko daude hor ere, baina, uste dut bidea ona dela. Bide horri eutsi beharko diogu.

Eta Euskal Elkargoarekin?

Iparraldea da seguruenik, eta aitortu dezagun, Tokikomen gutxien lantzen dugun lurraldea. Baditugu lotura batzuk eginda, eta gure kudeaketa planean ere badago, behintzat, Iparraldeko hedabideekin mahai bat sortu beharra eta lanean hasteko. Baina oraindik ez gara horretara heldu.

Koronabirusak erabat baldintzatu du komunikabideen jarduna. Nolakoa da Tokikomeko hedabideen egoera egun?

Oso zaila izan da, koronabirusa pandemia latza izan da, eta laztasun horrek eragin du gurean ere. Pentsa gertukoena den kazetaritza honetan, gertuko ekonomia bera ere oso kaltetua izan da. Krisi horiek geroago heltzen dira guregana, eta heldu dira.

Eta informatiboki?

Oso erakargarria izan da kazetaritza egiteko. Jendeak behar zuen jakin egunero zer gertatzen zen, zer datu zeuden, zer zegoen zabalik eta zer itxita... Hori ematen jakin dugu, eta jende askorengana heldu gara, inoiz heldu gabeko kopuruetara. Hori oso eskergarria da kazetaritzaren ikuspuntutik.

Eta ekonomikoki?

Ikuspuntu ekonomikotik zaildu egin da, kazetaritza bera ere egitea zaildu delako. Gauza bera egiteko denbora gehiago behar izan dugu, baina, era berean, kolaboratzaileek ondo erantzun dute, baita tokiko administrazioek ere.

Aipatu duzu irakurleetan goia jo duzuela. Nola lortu daiteke irakurle horiek fidelizatzea?

Esango nuke hein batean fidelizatu direla, ez dugu igartzen oraindik jaitsiera handirik, eta ez dugu espero ere. Nukleokoagoak zirenak-edo hor daude egunerokotasunean, eta erraz egiten dute bat gurekin, eta inguruan zeudenak ere erakarri ditugu. Konturatu gara baita erdara hutsean jarduten dutenek ere nolabait nahi zutela gertuko informazio hori. Horri eusteko moduan gaude. Denei? Seguruenik ez, baina, ez gara lehenagoko kopuruetara gerturatuko, pixka bat gorago ibiliko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.