Alvaro Carmona. Umorista

«Benetako solasaldiak islatu ditut»

Ostiralean Series Mania jaialdia hasiko da Lillen, eta Carmonaren 'Gente hablando' lana telesail laburren kategorian lehiatuko da. Atal bateko aktoreak Ramon Agirre eta Ramon Barea dira.

STELA SALINAS.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Go!azen telefilmaren (2008) gidoia idatzi zuen Alvaro Carmonak (Utrera, Espainia, 1980), Xabier Zabaletarekin batera. Pausokaren Agitación+IVA umore saioan hasi zen gidoilari, eta Andreu Buenafuenteren saioetan egin du lan azkenaldian.

Nondik sortu zitzaizun Gente hablando websaila egiteko ideia?

Gogoa nuen ukitu naturalista izango zuen fikzioa idazteko. Askotan solasaldiak izaten ditut, eta beste pertsonen ikuspuntua ulertzen dut, nahiz eta haiekin ados ez egon. Benetako bizitzako solasaldiak jaso nahi nituen, non inork ez duen irabazten eta inork ez duen galtzen.

Telesailen jaialdi garrantzitsuena da Lillekoa (Frantzia). Beste herrialde batzuetako telebistek websaila erosiko dute?

Ez dakit alde horretatik zer gertatuko den. Websaila Atresmediarena da, eta nik baino hobeto salduko dute. Ez naiz inoiz horrelako jaialdi batera joan, eta ez dakit zer topatuko dudan han.

Sei atalez osatuta dago Gente hablando. Nola definituko zenuke elkarrizketen umorea?

Eztabaida interesgarriak izatea da asmoa, eta, batez ere, benetakoak izan daitezela. Transmititu nahi dudana da solasaldi pribatu bat ikusten ari zarela: bi pertsonaren mundu pribatu batean sartzea.

Ataletako batean, umorearen mugez hitz egiten du zuk antzeztutako pertsonaiak. Non daude mugak?

Umorea nahiko kontzeptu abstraktua da, eta zaila da mugatzea. Pertsona bakoitzarentzat sentsazioak aldatzen dira. Ez dago definizio kanonikorik.

Zer moduzkoa izan zen Ramon Barearekin eta Ramon Agirrerekin lan egitea?

Atalik zailena iruditzen zitzaidan, plano sekuentzia bat zelako. Ezin duzu edizio trikimailurik sartu. Proiektuari baiezkoa eman ziotenean, asko poztu nintzen, hain jende ona dira... Plano sekuentzia egiteak ilusioa egin zien, eta oso pozgarria izan zen.

Solasaldien gaien artean, Tinder aplikazioko zitak eta pornografia 4K teknologian. Jendeak eskertzen ditu horrelakoak?

Jaso dugun feedback-a sekulakoada. Iritzi oso onak iritsi zaizkit. Halako proiektu txiki batentzat ederra da.

Zer da garrantzitsuena gidoi on bat idazteko orduan?

Gente hablando-n, funtsezkoa zen pertsona bakoitzak modu arrazionalean defendatzea bere ikuspuntua, eta solasaldiak jario ona izatea.

Go!azen telefilmeko gidoia idatzi zenuen. Zer iruditzen zaizu telesaila fenomeno bihurtu izana?

Zoragarria da. Duela hamar urte baino gehiago egin genuen telefilma, eta belaunaldi batetik bestera pasatu da. Ilusio handia egin zidan Xabier Zabaletarekin lan egiteak. Musikala izatea ere ederra izan zen, musikaria bainaiz. Abesti originaleko «1, 2, 3, 4» nire ahotsa da, eta mantendu egin dute.

Irratia egiten jarraitzen duzu?

Ez, orain ez. Azkenaldian irrati askotara joan naiz Gente hablando websailaz hitz egitera. Eta esango nuke irratia dela hedabiderik lasaiena, erosoena, etxekoiena. Jendea sare sozialetan ez da oso benetakoa, telebistan ere ez. Baina irratia benetakoagoa da.

Andreu Buenafuenterekin lanean aritu izan zara. Zeintzuk dira haren dohainak telebistan?

Umorista eta komunikatzaile handia da. Ez dut nik esan beharrik; oso ona delako aritu da hainbeste denbora hor.

Zer proiektu duzu tiraderan atera nahiko zenukeena?

Proiektu asko dauzkat, bai. Asko gustatuko litzaidake fikzioa eta musika uztartzen dituen zerbait egitea, Go!azen-etik ez baitut halakorik egin.

Zein gertakizun politiko aukeratuko zenuke websail bat egiteko?

La Sextako El Intermedio saiorako abesti batzuk egin izan ditut Gurtel auziaren inguruan. Iruditzen zait inplikatutako guztiek ustelak izateko itxura dutela fisikoki. Gurtel auziarekin egin daiteke zerbait, agian. Oso deigarria izan zen Valentzian [Herrialde Katalanak], PPren ustelkeria kasu larriak zeudela, nola alderdi berak bozak erraz irabazten jarraitzen zuen. Alderdi ustel bat sistematikoki hauteskundeak irabaztea interesgarria eta dibertigarria izan daiteke zerbait egiteko. Absurdoa da, berez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.