Berria bezain berritua zen belaunaldiari

1987tik 1997ra artean bertsolaritzan izandako aldaketak orduko bere bizipen pertsonalekin lotu ditu Jon Maiak, 'Berriak jaio ginen' liburuan

Andoni Egaña, Jon Maia eta Unai Iturriaga, atzo, Donostiako Rekalde tabernako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bertso berean Zamora, Extremadura, abuela eta abuelo hitzak bildu zituen Jon Maia bertsolariak, 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, azken agurrean. Bertsolaritzaren lexikoan ez zeuden hitzok, etapublikoarengan izan zezakeen eragina neurtzeko modua izan zitekeen. Ez hori bakarrik; jatorriaz ari zen, ordura arteko bertsolari kanonikoek zutenaren oso desberdina. Txalo zaparrada batekin erantzun zion publikoak. Gertakizun hura abiapuntutzat hartu, eta bertso hura kantatzera nola iritsi zen kontatu du Maiak, Berriak jaio ginen (Lanku) liburuan. Atzo goizean egin zuten aurkezpena, bertso asko entzundakoa den Donostiako Rekalde tabernan.

Bertso eskoletan egindako lanaren fruitu, belaunaldi berri batek hartua zuen bertsolaritzaren lekukoa. Transmisiorekin batera, testuinguru aldaketa ere gertatu zen, eta kultur adierazpide berriek eta era askotako erreferentziek eremu berrietara eraman zuten bertsolaritza. Frantzisko Petrirena Xenpelar bertsolariak ezagun egin zuen «Jaioko dira berriak gu gera Euskal Herriak» esaldia, eta hori baieztatzera dator liburua, titulutik beretik: «Nik esaten diot, liburu honekin, baietz, jaio ginela berriak, eta guk ere jarraitzen dugula izaten Euskal Herria». Gainera, jaiotako berri horiek «berri» jaio zirela adierazi du Maiak, hau da, belaunaldi berri horretako, asko«tradiziorik gabe» eta «bertso eskolen ate handi horretatik pasatuta» iritsi zirela bertso mundura. Hala, «ordura arte ezagutzen ez ziren proletako pertsonak» bertsolaritzara gerturatu zirela zehaztu du, nahiz eta bere burua oso muturreko adibidetzat duen. Hori hala izanik, honako galdera honen erantzuna barruan darama liburuak: «Nola da posible ama Extremadurakoa eta aita Zamorakoa duen bat 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantatzera iristea?»

Gertakizun autobiografikoetan oinarrituz, baina liburua autobiografikoa izatera iritsi gabe —«autobiografikoa balitz, gauza garrantzitsuagoak kontatuko nituzke»—, esperientzia pertsonalek harilkatzen dute kontakizuna, eta hainbat gai ukitzen ditu bidean. «Bertsolaritzari, euskarari, identitateari eta garai bati lotutako erretratu pertsonal bat da», zehaztu du. Esperientzia pertsonalen bidez, izan dituen barne gatazkak eta hausnarketa intimoak ere bildu ditu Maiak.

Izan ere, bertsolariak onartu du asko «biluzi» dela liburuan, eta horrek zenbaitetan beldurtu ere egin duela. Bere ohiko jardunean egiten duen zerbait dela azaldudu, eta horrek zer pentsatua ematen diola. «Askotan galdetzen diot nire buruari ea publikoki ez ote naizen agerikoegia agertzen». Bere esperientzia kontatuz hitzaldi asko eman ohi dituela azaldu du, eta horrek ere eragina duela jendaurrean hain biluzik agertze horretan.

Ekarpen bat egin nahian idatzi du bertsolariak Berriak jaio ginen. Maia: «Nahi nuen bertsolaritzaren historiaren apalategian horrelako liburu bat egon zedin». Bertsolaritzan ohikoak diren krisialdiak eta barne gatazkak belaunaldi berriei ezagutzera emateko balio izatea ere nahi luke. Berak lehen pertsonan bizi izan dituenak kontatu nahi izan ditu: «Horiek kontatzeak lagunduko die beraiei, beharbada». Etorkizunari begira ere jarri da liburuan; bukaera aldera, batez ere. Bertsolaritzak egungo gizartean duen tokiari buruzko gogoetak datozkio, aurrera begira jarrita, liburua kokatzen den garaiko dilema gehienak «gaindituta edo gainditze bide positiboan» ikusten baititu.

Lana osatzeko, belaunaldikide eta lagunetaz inguratu da Maia. Igor Elortzak idatzi du hitzaurrea, Andoni Egaña editore lanetan ibili da eta Unai Iturriagak ilustrazioak eta collage-ak egin ditu. «Garai zehatz baten kronika» da liburua Egañarentzat, eta garaiari loturiko belaunaldi horren garrantzia nabarmendu du. Kontakizunari «umore puntua» ematen saiatu dela adierazi du Iturriagak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.