Pablo Oderiz eta Iñigo Martinez de Albornoz. Eskiatzaileak

«Bederatzigarren postua oso motibagarria izan da»

CARLOS MALLES - REVISTA TRAIL RUN.
Unai Ugartemendia.
Bareges
2016ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Junior mailan irabazi dute. Herenegun, gainera, helduekin batera lehiatu ziren, eta bederatzigarren izan ziren.

Lasterketa bikaina egin duzue. Gustura zaudete?

PABLO ODERIZ: Bai, egia esan, bai. Hasieratik tarte txiki bat ireki dugu, eta aldeari eusten saiatu gara. Indartsu hasi dugu lasterketa. Lehenengo igoera ederki etorri zaigu, oso laua eta oso azkarra zen, eta lasterketa osorako erritmo bikaina hartu dugu.

IÑIGO MARTINEZ DE ALBORNOZ: Oso gustura ibili gara. Talde batean joan gara, eta egindako tarteak lasai joateko aukera eman digu.

Zer sentitzen da igandean helduekin lehiatu eta bederatzigarren postua lortu eta gero?

P.O.: Igandean sailkapen orokorrean lehen hamarren artean amaitzea oso motibagarria izan da. Gogoa areagotu egiten digu, eta hurrengo lasterketetarako asko balio du. Hemendik aurrera berdin jarraitzea espero dugu.

Oderiz, kostako zitzaizun Martinez de Albornozen erritmoari eustea, ezta?

P.O.: Bai, bai, kar-kar. Estu samar jarraitu ahal izan diot, aurten oso indartsu baitago.

Bi lasterketa, bi garaipen.

P.O.: Lehen egunean nahiko justu ibili nintzen; Iñigo, berriz, oso indartsu. Bigarren egunean, baina, askoz ere hobeto moldatu naiz, eta gozatu egin dut. Askoz ere eramangarriagoa izan da.

Datorren urtean helduekin batera lehiatu beharko duzue.

I.M.A.: Ni mailaz igoko naiz, baina Pablori urtebete gelditzen zaio oraindik. Datorren urtean ere hemen izango naiz berriro, agian Iñigo Larizekin bikotea osatuz.

Denboraldi bikaina daramazu, eta Munduko Kopan ere arizara lehiatzen. Nola sentitzen zara?

I.M.A.: Munduko Kopa osoa egiten ari naiz, eta amaitzeko proba bat besterik ez da gelditzen. Oso indartsu hasi nuen, baina gerora arazo batzuk izaten ari naiz, materialarekin gehienbat.

Hurrengoa, Pierra Menta.

I.M.A.: Ni eskiatzaile frantziar batekin lehiatuko naiz; Pablok, berriz, kataluniar bat izango du ondoan. Bertako maila ikaragarria da. Talde asko daude, baina ez dago faborito argirik. Denok antzeko maila dugu, eta saiatuko gara podiuma lortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.