«Leihoak itxi» ditu Elearazik, etapa bukatuta

Hiru urte betetzearekin iritsi da itzulpengintza eta literatur atariaren agurra.

Paperezko argitalpena kaleratuko dute urte bukaeran
Hiru urtez elikatu dute Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek <em>Elearazi</em>.
Hiru urtez elikatu dute Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek Elearazi. GARAZI UGALDE

Ander Perez -

2015eko martxoak 12
«Leihoak ixtea erabaki dute» Danele Sarriugartek eta Garazi Arrulak. Amaiera jarri diote, azken puntua, Elearazi.eus atariari. Aurrerantzean, sarean ikusgai izanen da webgunea, baina ez dute sarrera berririk erantsiko. Agur esan du hiru urtez euskarazko itzulpengintzari plaza eman dion atariak. «Sinpleki, etapa bat bukatu da», arduradunen hitzetan. Eta zehaztu dute ere agurraren arrazoia: «Handitu gara, plaza honetan ezin kabitzeraino».

Hiru urte bete zituen atzo atariak, eta urtemugaren egun berean kaleratu zuten oharra blogeko arduradunek, agurraren berri emanez. Tarte horretan, hiru urtez, 264 posta argitaratu dituzte atarian, 80 autore inguru euskarara ekarriz, «erdia fikzioko testuekin, eta erdia ez-fikziokoekin». Generoei dagokionez ere, abaniko zabala jorratu dute blogean: «Ipuina, nobela (zatiak), prentsa artikuluak, poesia, hitzaurreak, gazte literatura, autobiografia, saiakera (atalak), hitzaldia, manifestua, antzerkia...» Zazpi izan dira euskarara ekarritako testuen «sorburu-hizkuntzak» edo «zubi-hizkuntzak». Jatorri anitzeko autoreak landu dituzte, eta arreta jarri dute «hizki larriko Historian isilarazitako ahotsak ekartzen». Ikus-entzunezkoei ere azpidatziak erantsi dizkiete, eta itzultzaile, literaturari, idazle eta pentsalariei ere «ahotsa eman» nahi izan diete, 31 elkarrizketaren bitartez. Sorkuntza lanak ere plazaratu dituzte, eurek idatzita, gogoetari bide emanez. Eta guztiaren artean, kronika nabarmendu da, «hasierako asmoetan ez bazegoen ere». Hitzaldi, hainbat eskola edo ikastarotan bizi izandakoak ekarri dituzte pantailara, 45 kronikatan,

Oparoa da hiru urteko uzta, beraz, eta agur esateko orduan, «biziki kontent» dira Arrula eta Sarriugarte «egindako ibilbidearekin». Batez ere, «ekarpen polita» egin diotelako «literaturaren eta itzulpenaren arteko amodio-gorroto harremanari». Izan ere, Arrulak dioenez, «bakoitza berera dabiltzan bi diziplina» baitira itzulpengintza eta literatura. Elearazi.eus ataria, hain juxtu, biak uztartzen saiatu da, «mugak lausotzen, biak sorkuntza lanak diren heinean». Eta pozik ageri da Arrula, «helburu hori lortu» dutelakoan.

Beharrari erantzunez

Orain hiru urte sortu zuten ataria Arrulak eta Sarriugartek, «erdi lotsagabe erdi itsu, [...] ur handitan sartzen ari ote ginen erreparatu gabe». Itzulpengintza ikasketak zituzten biek, eta atzera begira jarrita, Arrulak argi du blogari esker itzulpengintzan «asko trebatu» direla, eta «lantegia eta gogoetarako zein esperimentaziorako gunea» izan dela. Baina argi du: bloga ez zen «eskola asmoarekin» sortu. Bazen beste behar bat, edonola: «Itzulpenari bultzada emateko beharra geneukan. Horrekin batera, gogoetarako tokia eta komunitatea sortzeko gunea nahi genuen».

Balorazioaren sinonimo izaten dira etapa bukaerak. Eta baloratzen jarrita, komunitatea sortzeko helburuan ez dutela «guztiz asmatu» uste du Arrulak. Alegia, ez dela itzulpenari buruzko eztabaida publikorik sortu. Baina gozoa da sentipena, gazia bainoago: «ez dugu komunitatea lortu itzultzaileen artean, baina literaturzaleen artean zabaldu da».

Bideek, ordea, amaia izaten dute beti. Eta iritsi da Elearazi-ren bide amaiera ere. Hiru urte hauetako lanari esker «hazi egin» direla uste du Arrulak. «Handitu» dira, eta ez dira Elearazi-ren plazan sartzen. «Beste bide batzuk» urratuko dituzte aurrerantzean, eta urte amaieran paperezko argitalpena kaleratuko dute, hiru urteotako lanak bilduz.

Agurtzearekin bat, eskerrak eman dizkiote kolaboratzaile izandako itzultzaile guztiei, askori. Baita elkarri ere, Arrulak Sarriugarteri, eta alderantziz. Eta agindu dute «literaturaren eta itzulpenaren bidean» jarraituko dutela, ez baitzaizkie«agortu esateko» dituztenak, «mundu zabaleko autore, sortzaile eta gatazkak agortu(ko) ez zaizkigunez».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna