Berdinari ezberdin begiratzea

Sentimenduei eta plazerari eskaini dio Doctor Deseo taldeak bere ibilbideko hamabosgarren diskoa: 'Igual y diferente. Una mirada distinta'
Doctor Deseo taldeko Francis Diaz, Getxoko Bizkaia zubian zintzilik, diskoa aurkezten.
Doctor Deseo taldeko Francis Diaz, Getxoko Bizkaia zubian zintzilik, diskoa aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2016ko apirilak 19
«Deskubrimenduaren benetako bidaiaren funtsa ez da paisaia berriak ikustea, baizik eta begiratzen jakitea». Marcel Proust idazlearen esaldi hori dago Doctor Deseoren azken diskoaren oinarrian, Francis Diez konpositore, kanta idazle eta abeslariak azaldu duenez. Aurten 29 urte dira taldea sortu zenetik, eta hamabosgarren diskoa du Igual y diferente. Una mirada distinta (Berdina eta ezberdina, bestelako begirada bat). Jadanik aski ezagun duten prozesu horretan oraindik ezezagun dutenaren bila jo dutela dio horregatik kantariak. «Esponja bat izatea da musikariaren betebeharra, bere burua desoreka egoeretan jartzea, erosotasunetik atera eta bestelako gauzen bila joatea. Onerako zein txarrerako». Hori izan da beren erronka: Doctor Deseo berdina eta Doctor Deseo ezberdina erakustea.

Desioaren eta sentimenduen munduan dabiltza hitzak lan honetan ere, eta ohiko seikoteak grabatu du diskoa. Toro gitarra eta koruetan; Raul teklatuetan; Joe saxo eta klarinetean; Josi Baxuan eta koroetan; Txanpi baterian; eta Francis ahotsetan. Ezberdintasun handirik ez hor, baina, abeslariak azaldu duenez, egon badaude aldaketak musikan. «Gogoa genuen hip-hopetik gertuko oinarri musikalekin lan egiteko, baina haien gainetik Atlantic Recordsen aire bat duten haize sekzioak sartu ditugu. Rhythm and bluesa, rock-and-rolla, garagea, psikodelia... Horiekin guztiekin aritu gara jolasean». Cesar Ibarretxek egin ditu grabaketa, nahasketa eta ekoizpen lanak Keep Rollin' estudioan.

Baina ez du soilik musikan jarri begia Francisek; sorkuntzaz harago ere zabaldu du gauzak bestelako begirada batez begiratzeko beharra. «Garai eta paradigma aldaketa baten erdian gaude. Testosteronaren eratorriak zentzua galtzen ari dira, eta emozioak kudeatzeko eta elkar zaintzeko sasoia da. Gauzak ezberdin egiteko garaia da. Lankidetza lehiaren aurretik jartzekoa».

Zinema mutuko izar izandako Louise Brooks aktorearen aurpegia darama azalean diskoak, eta, Francisek azaldu duenez, emakumezkoen borrokaren ikur delako hautatu dute aktorea. Horregatik, eta baita diskoan zinema inspirazio iturri izan dutelako ere. Zinemarako soinu bandekin konparatu du diskoa zabaltzen duen Una mirada distinta izeneko kantaren hasiera instrumentala. Epikoa da doinua, eta diskoa bukatzeko ere baliatu dute. Euskarazko kanta bat ere sartu dute diskoan: Gustatzen zaigulako.

Zaleentzako oparia

Ezberdin begiratzea proposatu, eta ezberdin egin nahi izan dute diskoaren aurkezpena. Getxo eta Portugalete batzen dituen Bizkaia zubia hautatu dute horregatik beren lana aurkezteko, eta zubiaren dorreetariko batetik soka batetik zintzilik egin du jaitsiera kantariak. Ezagun da abeslariak eskaladarekiko duen zaletasuna, eta horregatik aurkezpena hala hasteko hautua. «Eskalada zale batentzat halako zerbait egin ahal izatea goxoki bat da, eta begirada ezberdin bat eskaintzearen ikur moduko bat da».

«Zerbait argitaratzen jarrita, opari bat ere egin nahi izan dugu», azaldu du abeslariak. Bi euskarritan kaleratu dute lana horregatik. Batetik, estudioan grabatutako zortzi abesti berriak biltzen dituen CDa; eta, bestetik, CDaz gainera, zuzeneko bi kontzerturen bideoak ere biltzen dituen DVD-liburua. Bilboko 2014ko Aste Nagusian eskainitako kontzertuan jotako hamahiru abesti eta Lekeitioko Konpainiako elizan eskainitako emanaldiko hiru kanta biltzen ditu DVDak. Zuzeneko bereziak izan ziren biak, Francisek azaldutakoaren arabera, eta horregatik hautatu dituzte. «Guretzat oso emanaldi berezia izan zen Bilbokoa, eta hautatutako kantek nolabait ere laburtzen dute han gertatutakoa». Umorea baliatu du Lekeitiokoaz aritzeko. «Guk aipatu genien Doctor Deseo ginela eta ea apaizak ba ote zekien zertaz zihoan kontua. Esan ziguten eliza jada ez zela elizatzat erabiltzen, eta ez zegoela arazorik. XVIII. mendeko eraikin barroko bat zen, eta oso hunkigarria izan zen han jotzea guretzat».

Durangon egin zuten disko berriaren aurkezpen kontzertua, aurreko astean, eta urtarrilera arte jarraituko dute zuzenekoak eskaintzen. Emanaldietan kanta berri eta zaharrak joko dituzte. Donostian, asteburuan, saio bikoitza izango dute. Ostiralean izango da lehen kontzertua, eta larunbatean bigarrena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna