Laburrean, sakon eta umoretsu

Ironiari helduta, ipuin hiperlaburren bilduma osatu du Karlos Linazasorok. Surrealismoz josiak daude, eta gogoetarako tartea ere uzten dute

Karlos Linazasoro, liburua Donostian aurkeztu zuen egunean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2016ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Urte mordoxka daramat nobelaren tiraniaren kontra borrokan, nahiz eta borroka hori erabat galdua dudan. Baina ez dut etsi nahi, eta ez dut etsiko». Karlos Linazasorok (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) laburrera jotzen du. Hor aurkitu du bere lekua; poesian, aforismoetan, ipuin laburretan eta ipuin hiperlaburretan, eta hor ikusten du benetako literatura ere. «Nobela hilda dago, edo, bestela, falta zaio azkeneko errematea. Nik ezagutzen ditudan benetako literatur zaleek poesia irakurtzen dute, eta oso ipuin zaleak dira. Hor dago literaturaren muina, eta ni horretan saiatzen naiz». Ahalegin horren azken alea Trilogia hiperlaburraipuin bilduma du, Elkarrek argitaratu berri duena.

Izenburuak adierazten duen moduan, hiru zatitan banatutako liburua da. Lehenengoa, Puntako orduetan, beren artean lotura jakinik ez duten ipuin laburrek osatzen dute. «Hor denetarik dago. Egoera surrealistak, absurdoa..., betiere ironia eta umorearekin landuta». Fobien liburua da bigarren atala, eta, izenburuak dioen bezala, ipuin bakoitzak fobia bat du ardatz. «Harrituta gelditu nintzen artikulu batean irakurri nuenean gizakiak zenbat fobia izan zitzakeen. Milaka dira». Horietako 90 bat aukeratu ditu Linazasorok bere ipuinetarako; denak benetakoak eta bata bestea baino bitxiagoa: ablutophobia, amaxophobia, cinetophobia, eleuterophobia, noberkaphobia... Linazasoro: «Idaztea gehien kostatu zaidan partea izan da hori. Hasi eta utzi ibili naiz. Alde psikikotik edo medikuntzatik jo nahian hasi nintzen, baina ohartu nintzen ez nuela horretarako gaitasunik. Horregatik, hasi nintzen fikziotik heltzen fobiei». Eta fobiei helduta, ezin ironia eta umorea ezkutuan utzi Linazasorok. Bada atal horretan Escriptophobia izeneko testu hiperlabur bat: «Nire bizi osoa emanen nuke patologia hauxe nozitzeagatik».

Azkenik, Kaxako umea eritegian hirugarren ataleko ipuin guztiak leku berean kokatuak eta pertsonaiak berak lehen pertsonan kontatuak daude. «Gizon bat eritegi batean abandonatu zuten umea zenean, eta han gelditu da bizitzen. Eritegi horretan gertatzen diren gauzak kontatzen ditu». Pertsonaia hori nor den ez du zehaztu Linazasorok — «izan liteke medikua, izan liteke zuzendaria, izan liteke apaizaren laguna»—, baina bai, ordea, hark kontatutakoek liburuko «atalik surrealistena» osatzen dutela.

Hala fobien atalak nola erietxean kokatutakoak gaitza eta giza anatomia dituzte ardatzetako bi.Obsesio ere bihurtu zaizkionak. «Askotan azaltzen da nire ipuinetan. Oso gai literarioa iruditzen zait, eta obsesiboa ere bada niretzat».

Liburua «patxadaz» irakurtzekoa dela uste du egileak, ipuin guztiek daukatelako azpitik gogoetaren bat. «Ez da hasi eta buka irakurtzekoa. Gainera, ipuin asko itxi gabe gelditzen dira, eta irakurleari eskatzen diote amaitzea».

Idazteko grina

Orain dela 25 urte kaleratu zituen Linazasorok bere lehenengo bi liburuak, Eldarnioak (Erein) ipuin bilduma eta Udazkeneko karabana erratua olerki liburua (Elkar), eta, «hori ospatzeko», udazken honetan ere bi liburu argitaratuko ditu, Trilogia hiperlaburra batetik, eta Durangoko Azokarako prest egongo den soneto liburu bat bestetik. «Hori neure buruari egin diodan oparia izan da».

Urteekin, idazteko gogoa edo grina «apaldu, baretu» egiten dela uste du Linazasorok, «esperientzia» irabaztearekin batera. «Niri ez zait halakorik gertatzen. Duela 25 urteko ilusio bera mantentzen dut gaur egun ere idazteko orduan. Eta indarra ere bai». Hala ere, «bilatzen» duena oraindik ez duela aurkitu aitortu du umorez: «25 urte daramatzat, eta oraindik ez dut aurkitu. Zer den bilatzen dudana? Nik neuk ere ez dakit, baina segituko dut haren bila».

Nolanahi ere, mende laurden honetan bizitzari begiratzeko modua neurri batean aldatu zaiola dio Linazasorok, eta horrek bere literatur lanean ere eragin duela. Lehen, «krudelagoa» zen. «Orain, salbatzen ditut pertsonaiak».

«Woody Allenen filmak bezala», Linazasororen lanak errekonozibleak direla uste du Xabier Mendiguren Elizegi editoreak. «Ez da errepikatzen, baina bistakoa da haren liburu denak harenak direla. Aita beraren seme-alabak dira». Eta, hala ere, garapen bat antzematen dio haren lanari. «Gero eta solteago idazten du; eta hobekuntza nabari zaio estiloan. Gainera, lehen, ilunagoak ziren Linazasororen testuak, eta, orain, xamurtasuna agerikoagoa da, bigunkerian erori gabe».

Orain atera berri duen liburuaren izenburua bera ere egileari oso lotua ikusten du Mendiguren Elizegik: «Labur eta Karlos Linazasoro esaldi berean aipatzea nolabaiteko erredundantzia da. Linazasorok beti jotzen duelako laburrera, eta genero gustukoenak, poesiaz gainera, aforismoak eta ipuin labur-laburrak dituelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.