Maitasun kantu bat

'Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama' bere hirugarren eleberria kaleratu du Alaine Agirrek. Proiektu honek Joseba Jaka beka irabazi zuen iaz
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Mikel Lizarralde -

2017ko maiatzak 30
«Nobela bat. Ez autobiografia, ez autofikzio, ez autolaguntza: nobela bat da hau, eta nobelatzat irakurtzea nahi nuke». Zalantzarik gabe definitu du Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama bere hirugarren eleberria Alaine Agirrek (Bermeo, Bizkaia, 1990). Odol mamituak-ekin (2014) estreinatu zenetik argitaratzen duen hirugarren nobela da hori —bigarrena X hil da izan zen (2015)—, eta nolabaiteko «ziklo bat» ixten du, egileak azaldu duenez. Nobela proiektu horrek irabazi zuen Elkar fundazioak deitutako Joseba Jaka beka, 2016an, eta Elkarrek berak argitaratu du.

Ama. Hori du gaia nobelak. Narratzaileak bere amarekin duen harremana da gai nagusia, eta, hain zuzen ere, bi horiek, narratzailea (A) eta ama, dira protagonista nagusiak. «Gai unibertsal» bat landu du Agirrek, baina gai unibertsal hori zirkunstantzia «guztiz partikular batez» jantzi du idazleak: narratzaileak, alabak alegia, gaixotasun mental bat dauka. «Orain dela gutxi poema liburu bat kaleratu nuen, psikiatriko bateko egonaldi bat kontatzen duena. Hura gogoan hartuta, liburu honek ere autobiografikotik zer ote duen galdetu dezake batek batek. Bada, segun nondik begiratzen zaion, asko edo gutxi». Nobela bera baita garrantzitsua Agirrerentzat: «Inportanteena ez da nire bizitzatik zer aprobetxatu dudan idazteko, idazle guztiok egiten dugun gauza; baizik eta nola erabili dudan material hori, zelan eraiki dudan nobela».

Liburua bere amarentzako «maitasun mezu, kanta edo gutuna» dela esango luke Agirrek, baina baita familiari buruzko nobela bat, edo bere buruari buruzko ere: «Amari idazten diot batez ere, berak lagundu zidalako neure depresioaldi gogor, sakon eta luze batetik irteten. Hortik titulua ere: Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama, bigarren hori ere erditze bat bezain mingarria izan zelako amarentzat eta alabarentzat».

Artean «gaixotasunaren atzaparretan» zegoela idatzi zuen nobela Agirrek. Gaur egun, ordea, «zorionez», beste «talaia batetik» ikusten ditu gauzak: «Hortik datoz nobelako azken hitzak: 'Ama izan nahi nuen nik: zeure lako ama bat. Baina uste dut iritsi zaidala garaia neuk neure burua erditzekoa'».

Baina nobela bat, narrazio bat da liburua, idazleak azpimarratu duenez, eta bertan kontatzen direnek egilearekin zerikusirik duten ala ez, «anekdota huts» da. «Ni desagertuko banintz ere, liburua anonimoki argitaratuko balitz ere, testuak bizirik iraungo luke. Irakurlearen eskuetara iristen denean hartzen du benetan zentzua eta bizia». Izan ere, inportanteena, Agirreren ustez, liburuko gai eta istorioek irakurleaz zer esaten duten da: «Aurreko liburuan [X hil da] nire poetika definitzeko esan nuen bezala, 'nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua'».

Oso denbora laburrean «ibilbide oparoa» egin duen idazlea da Agirre, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen iritziz, baina idazle sentitu «eskola garaietatik» sentitzen da, «nahiz eta batzuen harridurarako, orain dela gutxira arte ez duen publikoki aitortu idazle sentitzen zela».

Beka, sormena helburu

Joan den urtean jarri zuen abian Elkar fundazioak Joseba Jaka bekaren bigarren aroa. Lehenengoan sei deialdi izan ziren, harik eta duela hamar urte beka eten zuten arte. «Sormena bultzatzea» du helburu nagusi bekak, eta ez zehazki diziplina artistiko bat, Joxemari Sors Elkar fundazioko lehendakariak azaldu duenez. Horrela, lehenengo deialdia literaturara zuzenduta egon den bezala, hurrengoa, aurten bertan deituko dutena, beste sormen eremu bat laguntzeko izango da. Eta indibiduala nahiz kolektiboa izan ahalko da. Alde horretatik, oraindik zehazteke dago aurtengo deialdia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna