Libelula edo libre lurra

Elorrioko Sermond's taldeak, punk stoner estiloari eutsiz, 'Libelula' izeneko diskoa kaleratu du.Gaur, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskainiko dute kontzertua

Sermond's taldeak laugarren diskoa kaleratu du. MAUKA.
Ihintza Elustondo
2015eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Librelurra abestiak ongi definitzen gaitu talde modura», dio Koldo Zubiak, Sermond's taldeko baxu jotzaileak. «Diskoko lehenengo abestia entzunda, ideia bat egin dezakezu soinu eta hitz aldetik zer garen». Elorrioko taldeak maiatzaren 9an aurkeztu zuen azken diskoa, bere herrian bertan. Libelula (Mauka) izena jarri diote, hitzak duen indarragatik eta libre lurrarekin hitz jokoa eginez, euren izaeraren berri ematen duelako. Lau kide dira taldean: Gotz abeslaria, Moin gitarrista, Tximis bateria jotzailea eta Koldo baxu jotzailea.

Kaleratu duten laugarren diskoa da Libelula. 2008an sortu zen Sermond's, eta, orduz geroztik, punk stoner estiloko musika egiten dihardute. Punka sortzeko orduan, hainbat erreferentzia dituzte: 1980ko hamarkadako euskal rockaz gain, Ingalaterrako, AEBetako eta Eskandinaviako punka, hain zuzen.

Stoner ukituak, berriz, desertuan du jatorria. Haien soinuak lehortearekin duen lotura hori hitzetan ere islatzen da. Sarritan aipatzen dute basamortu hitza, naturaz duten kezka aditzera emanez. «Basamortuak zentzu asko dauka guretzat. Gaur egun, hiriak ere desertu bilakatu dira», dio Zubiak. Uste du musikaren bidez gauza asko egin daitezkeela; besteak beste, mezuak transmititu. Mezu politiko eta kritikoak sortuz aldaketak eragin daitezkeela sinesten du. Nolanahi ere, azaldu du disko honetan euren ideologia ez dutela besteetan bezain ageriko egin: «Gauzak zuzenean salatu ordez, hitz jokoak sortzen saiatu gara».

Musikak jendearengana heltzeko ematen duen aukera aprobetxatuz, euren errealitatearen inguruan aritzen dira. «Gu gazteak eta euskaldunak gara, eta gure herrian bizi duguna komunikatzen ahalegintzen gara», azaldu du Zubiak. Salaketa helburu, kutsu iluna hartzen dute sarri abestiek. Horietako batek hau dio: «Erantzunik gabeko zergatiak, beti aurrera egin behar». Uste du zapalduta egonda ere esperantza ezin dela sekula galdu: «Esperantza galtzen den momentuan galtzen zara zu».

Sermond's sortu zenetik garapen bat izan duten arren, taldea ez da hainbeste aldatu, Zubiaren ustez. Hasieran, bost ziren taldean; orain, lau kide dira. Lehenengo bi diskoak bi gitarristarekin grabatu zituzten, eta azkeneko biak, Bidegurutzean eta Libelula, bakarrarekin. Zubiak dio horrek eragin duela aldaketa, egoera berrira moldatu behar izan dutelako. Halere, uste du Sermond's-en esentziari eutsi diotela. «Jendeak esan digu soinu berezi hori mantendu dugula, nahiz eta taldearen egituran aldaketa izan den».

Euskara hutsean

Hastapenetan, euskaraz ez ezik, ingelesez ere sortzen zituzten hitzak. Haien erreferentzia gehienak atzerrikoak izateak eragin zuen hori. Egun, euskara hutsean dira abesti guztiak. Haien helburuetako bat komunikatzea denez, Zubiak uste du ezinbestekoa dela jendeak ulertzea zer esaten duten. «Gure hizkuntza euskara da», esanez argudiatu du egindakoaldaketa.

Sermonds'eko kideak argi du taldean giro ona izatea funtsezkoa dela euren proiektuak aurrera eramateko: «Musikarekiko afizioa lotzen gaituen lagun talde bat gara». Lokalean elkartzen dira, eta denen artean hartzen dituzte erabakiak. «Oso demokratikoak gara». Langileak eta gazteak dira, eta eguneroko bizimodutik ihes egiteko modu bat da musika haientzat. «Gu ez gara honetatik bizi. Helburu nagusia ondo pasatuz musika ona egiten ahalegintzea da».

Zuzeneko emanaldiak eskainiz dabiltza Euskal Herriko hainbat txokotan. Gaur, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean ariko dira, 22:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.