EGOk egitarau berezia dakar 20. urtemugan

'Scheherezade' eta 'West Side Story' obrak interpretatuko ditu. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Hondarribian izango dira kontzertuak

Euskal Herriko Gazte Orkestraren udako programazioaren aurkezpena, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Gazte Orkestrak udako programa berezia antolatu du 20. urteurrena ospatzeko.Hain zuzen ere, Juan Jose Ocon EGOko zuzendariak eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak atzo egindako agerraldian nabarmendu zutenez, EGOk «inoiz eskaini duen programa osoenetakoa» izango da aurtengoa. Hondarribian, Donostian, Bilbon eta Gasteizen emango dituzte kontzertuak, uztailaren 18tik 21era bitartean.

Musika emanaldietan «maila goreneko» errepertorio sinfonikoa eskainiko du orkestrak, Nikolai Rimski-Korsakofen Scheherezade eta Leonard Bernsteinen West Side Story-ren dantza sinfonikoak. Horretarako, Euskal Herriko orkestretako hainbat lagunek eta atzerritik etorritako bi kidek osatutako irakasle taldeak bi obrak prestatuko ditu, Eibarren (Gipuzkoa) egingo duten topaketan, 86 musikari gazteekin batera.

EGOk antolatutako udako topaketa uztailaren 10etik 21era izango da, eta ikaste prozesuko pauso bat izatea du helburu. Orkestra musikaren inguruko «trebakuntza bide alternatibo bat» da egonaldia, hots, musika ikasketa arautuen eta mundu profesionalaren arteko zubia.

Jarduera profesionalean hasi aurretiko prestakuntza izateko, ordea, lehiakortasuna beharrezkoa dela nabarmendu dute orkestrako arduradunek. Horretarako, lehenik, EGOk sarrera proba bat egiten du, eta egonaldian bertan, garrantzizko postuak lortzeko, ikasleek beraien arteko hautaprobak ere izaten dituzte.

Erronka handia

Egonaldian parte hartuko duten irakasleen hitzak baliatuz, Oconek azpimarratu zuen ez dela izango «erronka makala». Udakoa programazio «itzela» izango da, zuzendariaren eta musikari parte hartzaileen ustetan.

Muñozen antzera, Oconek ere EGOn aritu diren musikari famatu batzuei erreferentzia egin zien, eta esan orkestra profesionaltasunerantz jauzia egiteko bitartekoa dela. Adibideen artean, hiru nabarmendu zituen: Ander Perrino arabarra —egun, Berlingo Irrati Orkestra Sinfonikoan dago—; Maria Rayo gipuzkoarra—Gustav Mahler Gazte Orkestraren parte da—; eta, azkenik, Fernando Velazquez konpositore bizkaitarra —zinema eta telebistako soinu bandak egiteagatik ezagun bilakatu da—.

EGOren hogei urteen balorazioa guztiz positiboa da, Oconen iritziz: «In crescendo esaldi musikalak ondo adierazten du izan duen eboluzioa». Batetik, aurretik fundazioko zuzendari izan zirenei esker ona agertu zien, eta, bestetik, orkestra jaio zenetik bertan aritu diren mila musikari gazteen partaidetza eskertu zuen, baita eman dituzten 150 kontzertuetan baino gehiagotan izan dituzten entzule kopurua ere: 120.000 entzuletik gora izan dira Euskal Herriko eta atzerriko sei herrialdetako emanaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.