Alfaya: «Entzuleen erantzuna bikaina izan da 81. Hamabostaldian»

Gaur amaituko da musika klasikoko Donostiako jaialdia, eta balorazio ona egin dute antolatzaileek: «Ezohikoa eta gogoangarria izan da»

Les Musiciens du Louvrek itxiko du gaur 81. Hamabostaldia. BENJAMIN CHELLY.
Erredakzioa
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Les Musiciens du Louvre taldeak itxiko du gaur Donostiako 81. Musika Hamabostaldia. Koronabirusaren krisia dela eta, aurtengoa berezia izan da ezinbestez; «ezohikoa eta gogoangarria», antolatzaileen esanetan. Patrick Alfaya zuzendariak atzo goizean egin zuen jaialdiaren balorazioa aurkezteko agerraldia, eta nabarmendu zuen entzuleen erantzuna «bikaina» izan dela: «Hamabostaldiak lortu du bizirik irautea; merezi izan du». Adierazi zuenez, entzuleek, musikariek zein bestelako langileek osasun neurriak errespetatzeko «prestasun handia» izan dute, eta horri esker eutsi ahal izan dio jaialdiak egitarauari. Arduradunen esanetan, aurtengo Hamabostaldiak frogatu du kultur ekitaldiak «seguruak» izan daitezkeela.

Zenbakitan ere egin zuten jaialdiaren balantzea: denera 101 kontratu artistiko sortu eta 495 lan kontratu aktibatu direla jakinarazi zuten. Gastu eta sarrerei dagokienez, berriz, egitarauak eragindako gastu totala 525.490 eurokoa izan da,eta leihatilak eragindako sarrerena, aldiz, 112.435 eurokoa.

Sarrera gehienak agortuta

Ohi denez, Kursaaleko auditoriuma izan da Hamabostaldiko gunerik garrantzitsuenetako bat. Baina, Alfayaren arabera, San Telmo museoak eta Tabakalerak eskainitako lekua ere nabarmentzekoa izan da. Lehenaren kasuan, emanaldi guztietan agortu dira sarrerak, eta antzera gertatu da beste zikloetan ere. Denera, 11.730 entzule zenbatu dituzte, eta okupazioa «oso altua» izan dela azpimarratu du Alfayak —iaz 40.109 entzule izan ziren arren—.

Egitaraua «borobildu» duen atala Ganbera Musika izan da, zuzendariaren ustez. Organo zikloak izan ditu aldaketa gutxien, eta dantzak irabazi du espazioa: kopurua mugatu beharragatik, saio bakarraren ordez hiru izan dira aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.