Jaiak. Laudio

Herritarrek antolatuta, gozatu bikoitza

Hasi dira Laudion San Roke jaiak, 'Herritik eta herriarentzat' lelopean.Herri jaien aldeko apustua berretsi dute aurten ere

Giro aparta izan zen ostiralean txupinazoaren ostean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lur Gil.
Gasteiz
2014ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Heldu da, hilabeteetako prestalanen ostean, herritar guztiek egindakoaz gozatzeko unea. Laudioko Jaiak koordinakundeak eta txosna batzordeak egitarau aparta antolatu dute aurtengo jaietarako, Jaiak herritik eta herriarentzat lelopean. Helburua herri jaiak antolatzea da, eta, nahiz eta oraindik egiteko lan handia dagoela onartu, aurrerapauso handia eman dutela diote herritarrek.

San Rokezar eguna da gaur, erretiratuen eguna edo, laudioarrek nahiago duten bezala, atzoko gazteen eguna. Egitaraua bete-betea dator gaur ere. Jaiek parrandazale amorratuak izandakoak omenduko dituzte gaur, haientzat kontzertua izango baita eguerdian, eta bazkaria jarraian. Bazkalondoko dantzaldian ari diren bitartean, gainontzeko laudioarrek hartuko diete txanda, eta nabarmentzekoak dira Aldai plazan eta herriko plazan izango diren bi antzezlanak, txosnetako Zamaltrizioen ikuskizunarekin batera, Zamaltzainak eta Patrizioak jai taldeek antolatuta. Gauean, Arenna, Viva Bazooka eta La Hora del Primate taldeen kontzertuak izango dira txosnetan.

Ostiralean bota zuten jaiei hasiera eman zien suziria. Urtero Jaiak koordinakundeko kuadrilla batek botatzen du, eta aurten Zoroak kuadrillari egokitu zaio. Ostiraletik gaur arte etengabeko festa izan da kaleetan eta txosnetan, txosna batzordeak kontzertuak antolatu baititu egun guztietarako, eta, besteak beste, Anai Arrebak, Ze Esatek! eta Glaukoma taldeak igoko dira oholtzara.

Aurten, gainera, txosna batzordearen karpan salduko dituzten produktu asko bertako ekoizleenak izango dira: garagardoa, sagardoa eta ogitartekoen osagaiak, esate baterako. Iaz Urrezko Katxia saria emateko hasitako ohiturari eutsiko dio txosna batzordeak, eta aurten Etawasol elkarteari emango dio; iaz sortutako Laudioko saharar komunitateari, hain zuzen.

Jaiak ez dira gaur amaituko

Bihartik aurrera ez da jairik izango, baina horrek ez du esan nahi jaien bukaera gaur denik: indarrak berritzeko etena baino ez dute egingo. Bi aste pasatuta itzuliko da jai giroa Laudiora, abuztuaren 27an, asteazkenean. Tartean, datorren larunbatean, arrautzopil eta untxi lehiaketa egongo da, urtez urte arrakasta handiagoa lortzen ari den ekitaldia.

Berakatz Egunarekin emango diote hasiera jaietako bigarren zatiari asteazkenean, eta erromeria doinuak izango dira eguneko protagonista, Untzueta dantza taldeak antolatutako Sokaren Ibilaldiarekin eta ohitura bihurtu den hockey herri txapelketarekin batera.

Ostegunean izango da jaietako egun handia, kuadrillen eguna. Berebiziko garrantzia daukate kuadrillek Laudion, are gehiago Jaiak koordinakundean daudenetik, haiek baitira jaietan giroa egotearen erantzule, eta hainbat ekitaldi antolatzen dituzte egun guztian. Jarduera bat nabarmentzeko, Muturreko Herri Kirol proba, Zoroak kuadrillak antolatua: herri osoa biltzen du zezen plazan. Ostiralean, baserritarren eguna izango da, eta gauean Doctor Deseo taldeak joko du.

Larunbata da jaietako beste egun handia, odoloste egun ospetsua izango baita; eta igandean bukatuko dira aurtengo jaiak, , hilaren 31n, Erroketxu txakurra erretzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.